Prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Iker Goiria Foru Aldundiko turismo zuzendaria, Maite Anton Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria, eta Leire Parra Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikaria batu dira.
Maite Anton, Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak hartu du hitza lehenbizi, honakoa esanaz: "Debagoieneko ingurumen ondarea ezagutarazteko eta balioan jartzeko helburuarekin jarri zen martxan Puntaik punta, 2016. urtean, eta aurtengoa seigarren edizioa izango da. Urtero herri batek hartzen du bere baitan jaialdi hau, eta, aurten Arrasaten ospatuko da".
Lurralde barruko mugikortasuna sustatuz
Egunean zehar egiteko hainbat ekintza antolatu dituzte publiko zabalarentzat: kontzertuak, ibilbide gidatuak, ipuin kontaketa, bizikletan ibilbideak, kale antzerkia, bisita geologikoa etab. Honen baitan, Iker Goiriak, Foru Aldundiko turismoko zuzendari nagusiak azpimarratu du garrantzitsua dela lurraldean halako ekimenak izatea, eta Aldundiaren helburu estrategikoekin bat egiten duten ekimena dela adierazi du. "Klasiko bat bihurtu da, eta, gainera, aintzat hartzen duguna. Batez ere, bi arrazoirengatik: bata da, natura eta turismoa balioan jartzeko aukera ematen duela, eta, bestea, lurraldearen barruan mugikortasuna sustatzen duela".
Egitarauari dagokionez, hiru gune nagusitan ospatuko da jaialdia: Biteri plazan, Zaldibar frontoian eta Seber Altube plazan. Zaldibarren, haurrentzako abentura jolasak izango dira. Biterin, bailarako artisauen azoka eta senderismo azoka izango dira, eta gune horretan karpa handi bat jarriko da ikuskizunak egiteko. Horrez gain, jaialdiak bat egiten du bertako produktuen azokarekin, eta hileko hirugarren zapatuan ospatzen den azoka Seber Altuben egingo da, kanpotik datozenek eskualdeko eskaintza gastronomikoa ezagutzeko aukera izango dutelarik. [Egitarau osoa]
Arruena parkean autokarabanentzako gunea
Arrasateko alkateak, Maria Ubarretxenak, berriz, arrasatear guztiak eta bailarako bizilagun guztiak animatu nahi izan ditu bidezidorren jaialdiko ekintzetan parte hartzera. "Debagoienean balio natural ikaragarria dugu, eta, bailarako udal guztiok gure mendi ibilbideak eta bidezidorrak zaindu, babestu eta bultzatzen ditugu etengabe. Hala ere, lan hauez gain, sustatu beharra dago, eta jaialdi honen helburua hori da. Beraz, herritar guztiak animatzen ditut ekitaldietan parte hartzera. Gaineratu nahiko nuke Arruena parkean autokarabanentzako gunea jarriko dugula".
Argazki rally-a, zozketarekin
Gatzaren Eguna
Prentsaurrekoa amaitzean, Gatzaren Egunaren berri ere eman dute Gatzagako Udal ordezkari eta garapeneko eta turismo alorreko teknikariek. Urriaren 23an izango da Leintz Gatzagan, eta aurtengoa seigarren edizioa izango da.