Irailaren 27a "oroimen kolektiboan iltzatuta" geratu dela adierazi dute, "nazio askapen mugimenduarentzat erreferentziazko egun" bilakatu arte. "Gogora ekarri gura ditugu Txiki eta Otaegi eta baita Euskal Herrian, ekarpen maila ezberdina eginez, borrokan aritu diren herrikide guztiak", adierazi du Amaia Etxabek, Arrasateko Sortuko kideak.
Gaur egun, "Frankismo garaian baino gertuago" dituzte helburuak. "Hala ere, salbuespenezko egoera bat bizi dugu, zibilizazio krisi bat". Horren erantzuletzat dituzte elite ekonomiko eta finantzarioak, politika neoliberalak eta sistema kapitalista bera, baita hamarkadaz hamarkada Euskal Herriaren askatasunerako aspirazioak "etengabe murriztu eta txikitu" dituztenak ere, "bi estaturen menpe zapalduta" jarraitzen duela azpimarratuz.
Alternatiba, independentzia eta sozialismoa
Hori dela eta, esperantza aktiborako mezu bat helarazi gura izan dute. "Antolakuntzarako eta borrokarako dei egiten dugu. Herri honetan badago alternatiba gaur egun bizi dugun garai ilun honetatik irteteko, hala nola, estatu propioaren eraikuntza, Euskal Herriaren burujabetza soziala, eraldaketa soziala eta herri justuago eta parekideago baten eraikuntza", dio Etxabek. Azken batean, alternatiba hori "independentziak eta sozialismoak" osatzen dute.
Atzera begiratzea ezinbestekotzat dute, era berean, aurrera begira jarri ahal izateko. "Hamarnaka oztopo eta iluntasunen aurrean egunero altxatzen den herria da Euskal Herria eta, aurrerantzean ere, bide horretatik jarraitzeko erabakia eta konpromisoa dugu". Etorkizunerako bide horretan "anbizioa" izango da giltza, "inertziak astindu eta euskal estatu burujabe bat lortu ahal izateko".