36ko gerran hildakoak gogoan, eta garai hura bizi izandakoen testigantza gehiago liburuan

Hasier Larrea 2022ko ira. 26a, 19:43

Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Arrasateko Udalak antolatuta, ekitaldi bikoitza egin dute gaur, tropa frankistak herrian sartu zirenetik 86 urte bete direnean. Lore eskaintzan eta ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburuaren bigarren argitalpenaren aurkezpenean herritar eta ordezkari politiko ugari azaldu dira.

1936ko irailaren 26an, 16:00etan, sartu ziren tropa frankistak Arrasaten. "Euren lehen eginbeharra errepublikarren lokaletara eta batzokira joatea izan zen; bertatik bandera eta liburu guztiak atera eta erre egin zituzten, batez ere euskarazkoak", azaldu du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1936 kultur elkarteko kideak.

Hala, egun horren harira urtero egiten dute lore eskaintzaz osatutako ekitaldi solemnea Arizmendiarrieta plazan, gerran hil zirenen omenezko monolitoaren aurrean. Monolito horretan, besteak beste, handik egun gutxira eraildako pertsonen izenak ageri dira: "Izan ere, urriaren 4an,  Elgeta eta Udalaitzeko fronteetan, Mola general frankistaren tropek galerak izan zituzten, eta, ondorioz, euren ideien aurka zegoen jendea atxilotzen hasi ziren, lehendabizi Ondarretako espetxera eraman eta gero akabatzeko. Arrasatear ugari, 30 guztira, Oiartzunen eta Hernanin izan ziren fusilatuak, esaterako".

Liburuaren bigarren edizioa, aurkeztuta

Halako eta antzeko testigantza gehiagoz osatuta dago Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa liburua. 2017an agindu zion Udaleko ordezkariek osatutako Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiak Intxorta 1937 Elkarteari gaia ikertu eta liburuan aurkezteko; 2019an argitaratu zuten lehenengo edizioa, eta, oraingoan, 27 elkarrizketa berri gehitu dizkiote lanari. Beraz, bigarren bertsio horrek 179 testigantza jasotzen ditu, guztira.

Etxaluze eraikinean eman dute lanaren xehetasunen berri, eta bertaratu direnek ale bana eraman ahal izan dute etxera.  Liburua modu digitalean ere irakurri daiteke, www.arrasate.eus eta www.intxorta.org webguneen bitarteaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak