Zerrajerako parkea eraberritzeko aukeren artean parke naturala egotea eskatu du Haur eta Guraso Asanbladak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 26a, 10:36

Zerrajera kaleko parkea, Juan Arzamendi Musika Etxea izango denaren ondoan.

Irailaren 30a, egubakoitza, izango da Zerrajerako parkea berritzeko bozkatzeko azken eguna. Gai horren harira, hainbat gogoeta eta kexa plazaratu gura izan ditu Haur eta Guraso Asanbladak. Besteak beste, ez daude ados azkenaldian Arrasaten berritu dituzten parke ereduekin, eta parke naturalen aldeko hautua egiten dute.

Bat egiten dute Arrasaten jolas parkeak eraberritzearekin eta herrian prozesu parte-hartzaileak sustatzearekin. Hala ere, ez daude ados proposatzen diren jolas parke ereduekin. "Azken urteetan Arrasaten berriztu diren haur parke guztien ereduak molde, jatorri eta helburu berdinekoak direla ikusi dugu. Proposatzen diren haur parkeak elementu artifizialez osatuta daude gehienbat, denak kautxuzko lurzoruaz, kolore biziekin eta plastiko edo metalezko egiturak gailentzen dira", adierazi dute. "Alde batera uzten dute egurraren naturaltasuna, goxotasuna eta leuntasuna, eta lurzoru naturalaren aukera".

Parke berrietako lurzorua kautxuzkoa dela salatu dute bereziki. "Petroliotik eratorritako materiala da, guztiz homogeneoa, beraz, haurrek irudimen eta jolas-aukera gutxi dituzte". Haurrek jolas egiteko dituzten mugak agerikoak direla adierazteaz gain, udako egun beroetan, "eguzkiak erretako plastiko usain bizia" arnasten dutela diote.

Haurrak eta natura

"Ebidentzia zientifikoak frogatzen du" haurrek konexio handia dutela naturarekin. Horrez gain, diotenez, frogatuta dago haurrek zein helduek egunero denbora pasa behar dutela naturan. "Gure ustez bereziki interesgarria da haurrek jolastoki natural bat izatea herrian,
denontzat eskuragarria, haurren osasunari mesede egingo diona eta ingurunearekin eta, bereziki, naturarekin lotura eta denbora izatea erraztuko duena".

Lurrez eta belarrez betetako parkeak nahi dituzte, "ezin hobeak" direlako erorikoak lehuntzeko, "eremu oso industrializatuetan bizi garelako, eta mendiak hor dauden arren, ez ditugulako egunerokoan eskura".

Udal Gobernuari hainbat eskaera

Azaldu dute natur elementuekin osatutako parkeak "izugarri" ari direla ugaritzen Europa osoan eta baita bailarako herrietan ere. Hori dela eta, hainbat eskaera egin dizkiote Arrasateko Udal Gobernuari.

Batetik, Zerrajera kaleko parkea eraberritzeko aukeren artean jolas parke naturalak egiteko aukerak jartzea bozketan. Bestetik, haurrentzat diseinatzen diren etorkizuneko espazioetan elementu naturalak integratzeko konpromisoa hartzea. Azkenik, haurrentzat diseinatzen diren etorkizuneko espazioetan herriko haur, guraso eta beste eragileen parte-hartze aktiboa sustatzea.

Era berean, inguruko herrietako hainbat adibide ere eman dituzte:

Baratzeko pikua (Oñati).

San Martin eskolako patioa (Bergara).

Bolatokiko parkea (Elgeta).

Harreman sarea sortzeko helburua dute

Haur eta Guraso Asanblada duela sei urte jaio zen, "aterpea bilatuz Arrasateko Gaztetxearen bueltan sasoi hartako eguraldi euritsuak bultzatuta". Hainbat haur eta guraso biltzen hasi ziren eta haien artean sortutako kezkak partekatzeko espazioa sortu zuten. "Bertatik irten ziren herriari zabaldutako aisialdi ekintzak, hitzaldi sortak, tailerrak eta abarrak, eta baita gaur egun txikitxokoa dena sortzeko eskaera ere".

Gerora, pandemiak dinamika haiek geldiarazi zituen. Orain, taldea "biziberrituta" dator, ia hiru urteko geldialdiaren ostean. "Herriko haur eta guraso ezberdinen arteko harreman sarea sortzeko helburua daukagu, behar ezberdinak mahai gainean jarri eta herrian eragiteko asmoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak