"Egitarau oparoa eta askotarikoa" osatu dutela adierazi du Pili Iriartek, Arrasateko Nagusien Kontseiluko presidenteak. Hori, hain zuzen, hainbat eragileren laguntzari esker lortu ahal izan dutela gaineratu du. Izan ere, Arrasateko Udala, Sasoibide, Udal Biblioteka, Ibai-arte merkatarien elkartea eta Bastida akademia aritu dira lan horretan.
Irailaren 26an, astelehena, abiatuko dituzte ekintzak. 17:30an, Kulturaten, mahai-ingurua egingo dute, hainbat gai erdigunean jarriz: KPIaren igoera, erretiro aktiboa, elikadura osasuntsua, arrakala digitala eta abar. Nekane San Migel, Josu Zabala, Jose Mari Velez de Mendizabal, Ino Galparsoro eta Mañole Ezenarro izango dira mahai-inguruko hizlariak.
Abaroako abesbatzak emanaldia eskainiko du solasaldiaren aurretik eta, amaieran, Arrasate Musikaleko beteranoek musikatuko dute saioa.
Martitzenean, 12:00etan, kontseiluak urte guztian zehar egin dituen lanen kartel guztiak erakusgai jarriko dituzte BAZen eta arratsaldean, 19:30ean, Mendiak 1976 pelikula ikusteko aukera egongo da Amaia antzokian (gazteleraz).
Irailaren 28an, eguaztena, herriko erretiratuen etxeek Seber Altube plazara aterako dituzte haien ekintzak, 11:00etan hasita, azoka eran, herritarrek ikus dezaten zer egiten duten. 17:30ean, bestalde, osasungintza publikoari buruzko hitzaldia izango da, Roberto Sanchezen eta Marta Machoren eskutik: Osasun publikoa norantz doa?.
Sasoibideren eskutik, hainbat ekintza
Eguenean, berriz, Sasoibideren eskutik, ibilaldi berezi bat egingo dute, Bixi Bizi izenpean, eta bi atal izango ditu. "Lehenik, Arrasateko balkoira joango gara eta, ostean, Iturbide egoitzan elkartuko gara hainbat eragiletako kideak", azaldu du Margari Gorrotxategi Sasoibideko kideak. "Gonbidatuta daude Iturbideko egoiliarrak, Begisare Gipuzkoakoak, Arizmendi Ikastolako ikasleak eta abar. Ibilaldi anitza izatea gura dugu".
Martitzenean eta eguaztenean, bestalde, ipar martxako hastapen ikastaroak egingo dituzte, 10:00etatik 12:30era, Monterronen, Xabier Madinaren eskutik. Plaza mugatuak dira eta izena eman beharko da, 635 74 46 02 telefono zenbakira deituta edo idatzita.
'Sin permiso del Rey' liburuaren aurkezpena
Ibilaldi bereziaz gain, Maria Teresa Telleria arrasatearraren Sin permiso del rey liburua aurkeztuko dute Kulturaten, 19:00etan, Udal Bibliotekarekin elkarlanean. Asun Agiriano Udal Bibliotekako arduradunak nabarmendu du "oso pozik" daudela kontseiluarekin egiten duten lehen ekintza delako. "Maria Teresak erretiroa hartu berri du. Madrilen bizi izan da urte askotan, baina Maala kalean zegoen Telleria farmaziako farmazialariaren alaba da, eta Roberto Telleria arkitektoa da bere neba".
Telleriaren ibilbide oparoa nabarmendu du, izan ere, urte luzez, Madrilgo Museo Botanikoko zuzendari izan da, eta bidaiari amorratua. "Espedizio askotan parte hartu izan du, landareak edota zomorroak aztertuz", dio Agirianok.
Bibliotekak Mariasun Landa idazlearen bitartez eduki zuen Telleriaren berri, biak direlako Jakiundeko kide. "Beraz, guk proposamena egin genion bere liburua Arrasaten aurkezteko eta pozez onartu zigun. Gainera, liburutegian ere hainbatek irakurri dute bere liburua eta asko gustatu zaie. Beraz, herritarrak animatzen ditut liburua irakurtzera, asko ikasi daitekeelako".
Zapatuan, egun handia
Egubakoitzean, 12:00etan, Sartei tabernan, osasuntsu jan ahal izateko tailerra egingo dute, On Ekin nutrizio zentroko Nahia Zeziaga eta Andrea Larrea nutrizionisten eskutik, eta ondoren pintxo-potea egingo dute prestatutako jakiekin.
Azkenik, urriaren 1a izango da egun nagusia eta 12:30etan, Herriko Plazan, manifestua irakurriko dute. Horrekin batera, hiru kontzertu ere egongo dira egun horretan, Ibai-arterekin elkarlanean antolatutakoak: Puro Relajo, Trio Medianoche eta The Song. "Pertsona nagusien eguna izanik, garbi genuen pertsona nagusiak nahi genituela oholtza gainean. Guretzat garrantzitsua da halako musikariak egotea eta gurekin izatea", adierazi du Jon Apraiz Ibai-arteko kideak.