"Iaz egin genuen ekitaldi bat eta aurten indartu egin da programa", azaldu du Koldo Azkoitiak, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunak.
Servicios Sociales Integrados taldea iniziatiba sozialeko kooperatiba bat da, hirugarren adinekoen arloan lan egiten duena. Beraz, programa honen bitartez, gura dutena da adin horretako pertsonekin lan egiteko negozio bat martxan jarri nahi dutenei edota dagoeneko negozio bat daukatenei laguntza eta aholkularitza eskaintzea.
Carlos Garcia da taldeko ekintzailetza arduraduna, eta zera adierazi du: "Mentoring eta laguntza programa bat egiten dugu ekintzaile horiekin, guk daukagun jakintza haiei transmititzeko eta martxan jarri nahi duten negozio hori ahalik eta eraginkorrena izateko. Helburua da ekintzaileak gai izan daitezen negozio lerro berriak diseinatzeko, bereziki hirugarren adinekoen arloan".
Taldekako saioak eta banakako aholkularitza
Irailetik abendura garatuko dituzte saioak. Hasieran, lau saio bateratu egongo dira, "kontzeptuak argitu eta hirugarren adineko jendearengana nola heldu aztertzeko", Azkoitiaren esanetan.
Edozelan ere, banakako aholkularitza izango da programaren muina. "Ekintzaile bakoitzarekin negozio ideia hori fintzen joango gara, probatuz eta nola funtzionatzen duen aztertuz. Horrez gain, noski, negozio horren bideragarritasuna ere aztertuko dugu", adierazi du Garciak.
Ekintzaile izan nahi duten guztiei zuzendutako programa da. Baldintza bakarra da negozio ideia bat izatea eta negozio hori hirugarren adinekoen eremura bideratutakoa izatea. "Edozein arlotako negozioa izan daiteke. Hau da, izan daiteke zaintza arloko negozio bat, komertzio bat, zerbitzu bat edota aisialdi arloko bat", dio Garciak.
Askotariko adibideak
SSI taldeko ekintzailetza arduradunak hainbat adibide jarri ditu: "Ardo dastaketan diharduen enpresa bati lagundu genion hirugarren adinekoeengana nola heldu asmatzeko. Horrez gain, kirol arloan lan egiten zuen fisioterapeuta batek, gurekin egon ostean, hirugarren adinekoen errehabilitazio zerbitzu bat jarri zuen martxan. Beste adibide bat da Bizkaiko turismo agentzia bat. Gurekin egon aurretik, jende gaztearekin irteerak egiten zituzten eta lagundu genien hirugarren adinekoendako irteerak antolatzen eta haien negozioa birmoldatzen".
Hala, izena ematera animatu ditu bailarako ekintzaileak. Programan parte hartzeko interesa daukatenek urriaren 15era arte eman ahalko dute izena, 695 79 05 60 telefono zenbakira deituta edo Grupossi.es webgunean.