Arrakasta horren baitan, Aurrera Bolie Herri Ekimenaren helburu nagusietako bat ere beteta geratu zen atzo, eta hori nabarmendu du Trojaolak. "Belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzea lortu genuen eta azpimarratu gura dugu bereziki gazteek izan duten inplikazioa egun honen antolaketan eta parte-hartzean".
Herri ekimenaren sorreratik adierazi duten moduan, 60ko hamarkadan Euskal Herriaren alde lanean aritu zirenen eta balioak gaurkotu, balioa eman eta aurrera begira jartzea dute helburu eta, bide horretan, pauso bat eman dutela adierazi du Trojaolak. "Atzetik datorkigun bola hori aurrera begira jartzeko lanean ari gara eta uste dugu, neurri batean, lortu genuela hori atzoko egunarekin".
Bermutaren bueltan, hausnarketa politikoa
Egunari hasiera emateko, solasaldia egin zuten Irati Topagunean, Lur Albizu (Sortu), Endika Perez (LAB) eta Amaiur Egurrola (Ernai) hizlari izan zirela. "Bilera formalen betiko eredua apurtu gura izan genuen, uste dugulako bilera ostean edukiak irteten direla askotan. Beraz, zer hobeto, bermut baten bueltan, lasai hitz egin eta ondorio on batzuk ateratzea baino? Egia esan, pozik gaude solasaldiak emandakoarekin", dio dinamizatzaile aritu zen Jokin Zubiriak.
Aurrera Bolie ekimenaren baitan, pare bat ekitaldi egin dituzte orain arte, "gauden tokira nondik iritsi garen aztertzeko". Atzoko ariketa gehiago izan zen, atzera baino, aurrera begira jarri eta zera pentsatzea: "Nora goaz, norekin, eta nola joatea gura dugu? Hori lantzeko, LAB, Ernai eta Sortuko hiru arduradun ekarri ditugu, haien ikuspegitik, guk herritik daukagun ikuspegia osatzeko", azaldu du Zubiriak.
Lehenengo zatian haien proiektuak aurkeztu zituzten hiru hizlariek baina. "Hala ere, ondoren, arrasatearrok ere gure kezkak plazaratu genituen, uztartze hori bilatzeko, eta saio txukuna geratu zen azkenerako".
Krisiaren aurrean, elkar zaintza
Solasaldian hausnarketa orokor bat egon zela onartu du Zubiriak. "Hau da, krisi baten atarian gaude, ikusten dugulako gure bizi-baldintzen pobretzearen aldeko jarrera datorrela kapitaletik. Horren aurrean, antolakuntzarako, elkar zaintzarako eta bata bestearen beharrizanei lotzeko mekanismoak aztertu ditugu. Horren isla da Arrasateko lorezainen egoerari nola erantzun dion herriak", nabarmendu du. Beraz, uste du halako ariketak "biderkatu" egin behar dituztela herritarrek.
Bermut politikoaren ostean, herri bazkaria egin zuten Biteri plazan eta 200 bat herritar elkartu ziren mahaiaren bueltan. Bazkalosteko ekintza kulturalak ere jendetsuak eta arrakastatsuak izan zirela azaldu dute antolatzaileek.