Espazio berri batekin abiatuko dute ikasturtea nerabeek. Izan ere, Pablo Uranga kaleko gaztelekuak eskaintzen zuen zerbitzua Musakolan eman dute azken urtebetean, baina aurrerantzean Nafarroa etorbidean egongo da gaztelekua, tren geltoki zaharrean. Eraikinaren zati bat hartuko dute zerbitzu hori eskaintzeko; beheko solairuko gune bat eta lehenengo solairu osoa.
Edozelan ere, gune berria hutsik dago oraindik eta nerabeekin batera hornitu eta antolatu gura dute. Hori dela eta, egubakoitzean eta zapatuan jardunaldi batzuk egingo dituzte, 18:00etan eta 18:30ean hasita, hurrenez hurren, eta 12 eta 17 urteko nerabeei dei egin diete parte hartzeko. "Nerabeek eurek erabakiko dute espazioa nola apaindu gura duten eta ze antolaketa izango duen. Azken batean, inportantea da haiek gustura egotea eta espazioa haiena sentitzea", azaldu du Maitane Muñoz Gazteria saileko zinegotziak. "Udalak azpiegitura eta baliabideak jarri ditu, baina nerabeek egingo dute gainontzeko guztia".
Egubakoitzean, 18:00etan, hasiko dira gaztelekuaren etorkizuna erabakitzen
Leire San Vicente gazte txoko zerbitzuko koordinatzaileak gaineratu du funtsezkoa dela lan hori elkarlanean egitea. "Urteen poderioz, konturatu gara espazioa ez dela bakarrik dekorazio bat, baizik eta helburuen transmisioa gauzatzeko ere balio duela. Horregatik, nerabeekin diseinatu gura dugu gazteleku berria".
Modu horretan, beheko espazioan "elkargune goxo bat" jarriko dute egubakoitzean, "lasai hitz egiteko aukera" eskainiko duena, San Vicentek azaldu duenez. "Era berean, ping-pong bat ere jarriko dugu, haren bueltan elkarrizketa asko ematen direlako modu informal batean eta bitarteko aproposa delako bileretan parte hartzera ohituta ez daudenen ahotsak jasotzeko".
Goiko solairuan, bestalde, eraikinaren planoak jarriko dituzte eta marrazkiak ere bai, balizko gune batzuekin. "Hala, asmoa da nerabeak haien plano propioak sortzen joatea eta espazioa nola jantzi gura duten zehazten joatea. Beraz, jasotzen ditugun plano guztiak aztertu egingo ditugu eta gaztelekua forma hartzen joango da ikasturtea aurrera doan heinean". Horrez gain, mahai-jolasak eta bestelako elementuak ere jarriko dituzte, "jolasa gure egunerokoan bitarteko garrantzitsu bat delako".
Astean zehar, Musakolako, San Andreseko eta Erguingo gazte txokoek ematen diete zerbitzua 12 eta 17 urte arteko nerabeei, martitzenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, berriz, gaztelekua izango dute zabalik, egubakoitzetan 18:00etatik 21:00etara eta zapatu eta domeketan, 17:00etatik 21:00etara.
Ludotekak ere martxan dira
3 eta 11 urte artekoei zerbitzua ematen dieten ludotekak, aldiz, astelehenetik egubakoitzera egongo dira zabalik, 17:00etatik 20:00etara, eta horiek ere hiru dira: Usaetxekoa, Santa Marinakoa eta Okendokoa.
Ludoteken kasuan, izena eman behar da zerbitzua jasotzeko. Hala ere, irailean sarrera librea izango da. "Hain zuzen ere, hilabete hau baliatu gura dugu herritarrei zerbitzuaren berri emateko eta, urteroko erabiltzaileez gain, familia berriak ludoteketara erakartzeko", adierazi du Amaia Arregik, ludoteka zerbitzuko koordinatzaileak.
Hori dela eta, hiru egunetan kalera aterako dira: irailaren 20an Santa Marinan egongo dira; irailaren 27an, Uribarri auzoan eta 29an, erdigunean, 17:00etatik 19:00etara. Egun horietan ludotekak itxita egongo dira, zerbitzua kalean eskainiko baitute.
Urritik aurrera, izena eman beharko da zerbitzua jasotzeko eta bi izen-emate mota egongo dira: hiruhilekoa (10 euro) edo ikasturte osokoa (30 euro).
Aisialdi hezitzailea ardatz
Ludotekek, gazte txokoek zein gaztelekuak helburu eta planteamendu berdinak dituzte. "Guztietan, bilatzen duguna da haurrei eta nerabeei aisialdi hezitzaile bat eskaintzea, noski, ondo pasatuz eta harremanak eginez", dio Blanca Jauregi Gazteria saileko teknikariak.
Zerbitzu horien bitartez, hainbat balio sustatu gura dituztela gaineratu du: "Errespetua, aniztasuna, autoestimua, baliabide sozialak garatzea, pertsona kritikoak eta irizpidedunak izatea, parte-hartzaileak izatea eta, oro har, pertsonak aktiboak izatea". Era berean, zeharkako hiru lerro dituztela nabarmendu du: berdintasuna, aniztasuna eta euskara. "Kalitatezko zerbitzua eskaintzea lehenesten dugu, aukera berdintasunarekin, herriko haur eta nerabe guztiendako irisgarria izan dadin".