Egoera hau ekidin zitekeen, hiru eragileek ohar bidez azaldu dutenez. "Borondate kontua besterik ez da. Egoera honetara ekarri gaituzten arrazoiek, ordea, erantzule zuzenak dituzte", nabarmendu dute.
Batetik, salatu dute ez dela onargarria Prezero bezalako enpresa multinazional batek, "milioika eurotako irabaziak izan dituenean, langileei KPIa bermatuko dien akordio bati uko egitea".
Bestetik, Arrasateko Udalak azken hamabost urteetan zerbitzua lehiaketara aurkezterakoan berrikuspen ekonomikorik egin ez izana ere ez da onargarria, haien ustez. "Gainera, bada udaletxeak azpikontratatuta duen lorezaintza zerbitzua publifikatzeko prozesuari bide emateko garaia, hori baita kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta lanpostu duinak sortzeko bermea".
Salatu duten beste ekintzetako bat da patronalak Gipuzkoako hitzarmen bat lortzeko eremua irekitzeari uko egin izana, "badakielako eremu hori irekitzeak lan-baldintzen hobekuntza bat ekarriko duela eta nahiago dute lan-baldintza prekarioak aplikatzen jarraitzea".
Azkenik, Espainiako Gobernuaren estatalizazioa ere ez dute begi onez ikusten, eta gogorarazi dute estatuko hitzarmena aplikatzen zaien langile kopurua %21etik %34ra pasatu dela Euskal Herrian. Horratik, Euskal Herrian lan egin eta erabakitzearen aldeko borroka berretsi dute hiru aldeek. "Lan eremuan ere burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dugu".