Musika gosez etorriko diren turista asko izango dira asteburuan Arrasaten. Monterron parkean eta inguruan ibiliko dira, gehienbat, jantzita duten eskumuturrekoarekin behar dutena izango dute-eta Mondra & Roll jaialdian. "Urte batzuetako atzeko lanak egin ondoren, heldu da eguna, ilusioz eta gogotsu gaude, eta musikariak eta zaleak ere hala ikusten ditugu", dio Jimmy Jazz aretoko arduradun Iker Arronizek, hiruren arteko elkarlana goraipatuta. "Aspaldiko harreman estua, zuzena eta egunerokoa dugu; hortaz, hiru hankak batuta jaialdi txiki-ertain bat egiteko aspaldiko gogoa abiatuko dugu gaur, urtero jarraitzeko asmoz".
Hasieratik erabaki zuten Arrasaten kokatzea. "Askotan elkartzen gara bertan gure lan-bilerak egiteko, Mauka Arrasateko en- presa da eta gu ere gertu gaude, eta Monterron parkea toki oso aproposa da, nahiz eta zaila ere baden. Era berean, herri interesgarria da, oi!-aren eta punkaren istorio luze eta politekin lotuta dagoena".
Monterron parkean, ordainduta
Hamabi talderekin osatu dute bi eguneko jaialdiaren egitaraua, nazioarteko puntako taldeak gonbidatuta, eta, era berean, herriko musikariei ere tokia eginda. "Cock Sparrer eta Baboon Show taldeekin harreman estua eta zuzena dugu eta oso gustura hartu zuten eskaintza. Cock Sparrer eta Des-kontrol taularen gainean batera egotea hasieratik gustatu zitzaigun ideia zen eta indar handia jarri dugu horretan. Jaialdia parke baten izateak zailagoa egiten du talde handiak ekartzeko orduan, baina pozik hartu dute guztiek erronka. Anticuerpos taldea izan zen lotu genuen azkena, orain dela bi hilabete; guk antolatzen dugun Gasteiz Calling jaialdi baten izan ziren, eta orain, berriz elkartu dira bi kontzertu bakarrik eskaintzeko, Logroñon bat eta Arrasaten bestea. Oso kontent gaude lehenengo jaialdirako lotu dugun taldeen zerrendarekin, mahai gainean beste izen batzuk ere izan dira, baina datozen urteetan ere jaialdiarekin jarraitu nahi dugu, eta uste dugu badugula puntako talde atzerritar eta euskaldun gehiago ekartzeko aukera".
Kontzertuen gunea Monterron parkea izango da eta sarrera ordaindu behar da hara sartzeko. "Eszenatoki bakarra, hiru taberna eta komunak izango dira, eta baita puntu morea gunea ere. 80 lagun inguruko lan-taldea ibiliko gara lanean, barran zerbitzatzen batzuk eta bestelako lanetan beste hainbat. Badalonatik etorri dira arlo teknikoan jardungo duten hainbat langile, baina, orokorrean, bertakoak, euskaldunak dira arlo teknikoko gehienak".
Kondekua parkean, doan
Bi gune izango ditu, baina, Mondra & Roll jaialdiak. "Monterron azpian, Kondekua parkean, hau da, Monteazpin, izango da bestea; herritar guztientzako zabalik dagoena. Euren merchandising-a saltzeko aukera eman nahi genien taldeei, eta han kokatu ditugu askotariko saltokiak. Jantoki handi bat eta kontzertuetatik atseden hartu nahi dutenentzako gunea ere izango da han".
Agertoki bat ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta han jokatuko dutela bihar, zapatua, 13:00etatik 15:00ak bitartean, Mondra & Roll maketa lehiaketako finala. "Orain dela hilabete egin genuen lehiaketarako deialdia eta 60 talde inguruk eman dute izena; horietatik hiru talde aukeratu ditugu –Agur, Erne eta Kontrol Norte– bihar Monterron azpian dagoen zelaian izango den finalerako; irabazleak datorren urteko Mondra & Rollen jotzeko aukera izango du".
Hotelak beteta daude
Jaialdira datozen musikazale gehienak gaur hasiko dira Arrasatera heltzen, eta dagoeneko bertan dira taularen gainean izango diren artista batzuk. "Euskal Herriko eta Espainiako taldeak, The Capaces izan ezik, seguru aski, bi egunetan izango dira jaialdian, euren emanaldia eskaintzen eta besteenekin gozatzen. Eta nazioartekoei dagokienez, denetarik; The Baboon Show, adibidez, atzo heldu zen eta Cock Sparrer taldekoak bihar etorriko dira. Hortaz, polita izango da Arrasateko kaleetan zehar musika arloko aurpegi ezagunak zaleekin eta herritarrekin nahastuta ikustea. Herri txiki batean halako jaialdiak egitea pozgarria da, Mondra & Roll moduko formatu ertaineko jaialdiek gertuko tratua izateko aukera ahalbidetzen dute eta".
Arrasateko hotelak eta inguruko herrietakoak beteta izango dira datozen egunotan. Udalarako bidean dagoen Santa Ana Hoteleko arduradunek adierazi dute jaialdira datozen zaleak izango direla gela guztietan. Arrasateko erdigunean dagoen Mondragon Hotelekoek, berriz, zaleez gain musikariak ere bertan izango direla kontatu dute, eta handik gertu dagoen Arrasate Hotelean, aldiz, jaialdiaren aitzakian etorritakoez gainera asteburuan Gasteizen jokatuko duten triatloiko parte hartzaileak ere artatuko dituztela gaineratu dute.
Azpiegitura aldetik, teknikari zein musikari guztiendako nahikoa lo-leku topatzea izan da antolatzaileendako zailena. "Behar genituen lo-lekuak lortu ditugu, baina bertaratuko den jende guztiarentzako ez dago nahikoa toki, eta hurrengo jaialdietarako konpondu beharreko zerbait dela uste dugu, azken hilabeteotan askok galdetu digute-eta lo egiteko tokiengatik".
Sarrera batzuk oraindik
Bi sarrera mota daude: egunekoak eta bi egunekoak. "Egubakoitzerako sarrera batzuk geratzen dira –35 euro gehi kudeaketa-gastuen 3,5 euro–. Orokorrean, egubakoitzerako zailagoa izaten da sarrerak saltzea. Zapaturakoak orain dela aste batzuk agortu ziren, baina badaude bi egunerako bonuak oraindik –55 eurotan horiek, gehi 4,5 euro kudeaketa-gastuengatik–".
Labur.eus/MondraRoll-2022 atarian daude sarrerak eskuragarri, baina gogoan izan behar da jaialdira sartzeko eskumuturrekoarekin aldatu behar dela. "Eskumuturrekoa une oro jantzita eraman beharko da, eta ez dira baliozkoak izango aldatu edo manipulatzen badira". 19:00etan hasiko dira, bi egunetan, kontzertuak, eta ordubete lehenago, 18:00etan, zabalduko dituzte jaialdirako ateak.
Herria zaintzeko gomendioa
Arrasateko bizilagunen egunerokotasunean eragingo du, duda barik, gaur eta bihar izango den musika jaialdiak. Monterron parke inguruan, esaterako, aparkatzeko hainbat toki kendu dituzte, eta handik gertu dagoen Ignacio Zuloaga kaleko zati bat –Pablo Urangatik Monterron parkera doana– atzo ezkero itxita dago.
Orokorrean, baina, herriko txoko askotan ibiliko da ohi baino jende gehiago, eta, horregatik, antolatzaileek ardura handia dute jaialdiaren parte hartzaileen eta herritarren arteko elkarbizitza egokia izateko. "Azkeneko taldearen emanaldia 02:00etan bukatuko da egubakoitzean zein zapatuan, eta, gutxi gorabehera, 02:30erako Monterron gunea itxita egotea da gure asmoa. Handik gero jendea kalera joango da eta ohi baino zarata handiagoa izango da ordu txikietan kalean. Ezin dugu ahaztu erdigunean gaudela; horregatik, bada, herria zaintzeko gomendioa egin gura dugu; garrantzitsua da hori, datorren urtean jaialdiak jarraipena izatea gure badugu".
Musika taldeen erretratua
Taularen gainean izango diren nazioarteko eta euskal punk eta oi! musika eszenako hamabi taldeei buruz Iker Barandiaran musika adituak kontatutakoak.
EGUBAKOITZA
- 19:00 The Capaces Bartzelonako lokomotora; nekaezinak erritmoan, bizitzan, errepidean zein agertokian. Marta Martillo piztiak gidatuta eta Arrasaten aski ezagunak.
- 20:00 La Excavadora Talde askotan ibilitako zakur zaharrak melodiaz eta garito izerditsuetako bizipenez betetako 77kopunk-rocka egiten.
- 21:05 La Inquisicion Bartzelonako Punk-oi! eta street punk eszena indartsuari eutsi zion Secret Army taldeko errautsetatik sortutakoa. Ibilbide oparoa daroa taldeak eta Arrasatekoa plaza ederra da eurentzat.
- 22:10 Anticuerpos Vulpes, La UVI eta Cicatriz-eko kide banak osatutakoa. Rocka, hitz kaletar eta sentikorrak eta Mamen-en goxotasuna. Disko bakarra dute, belaunaldi batendako hit sentikorrak dituena.
- 23:25 The Baboon Show Gazteria Alemaniako punk rock estribillodun eta hard-rockaren nahasketara hurbildu duen Eskandinaviako talde komunista; izugarrizko frontwoman-a du, taldearen presentzia eta inpaktua hazten duena.
- 00:55 Cocney Rejects Kale makarrismo-a eta oi! musika ezin hobeto ezkontzen eta sortzen jakin duen Ingalaterrako talde beteranoa. Sasoitsu jarraitzen duen oi! eszenako erreferente bat.
ZAPATUA
- 19:00 Zero Gatillazo, La Polla, RIP, The Kagas eta talde gehiagotan ibilitako txakur zaharrak dira punk-rocka modu oso librean egiten dutenak, eta, gainera, frontwoman moduan erregistro askotara heltzen den Led Infierno-rekin.
- 20:00 Crap Gaur egun Arrasaten punk-rocka eta 77ko punka egiten duen talde bakarrenetakoa, makarrismo-arekin.
- 21:05 Perlata Arrasateko rock-ak azken urteetan eman duen sorpresa handienetarikoa. Punk-rocka zentzu zabalean; amorruz batzuetan, sentikor bestetan, baina beti erraietatik.
- 22:15 Des-kontrol Arrasateko oi! mugimenduaren erreferente nagusienetakoa, jakin du aurrera begiratzen eta bestelako doinuak batzen eta lantzen, eta indartsu dago.
- 23:35 Cock Sparrer Oi!-aren aitzindarietako bat da, Ingalaterran duela 50 urte beste testuinguru batean –pub-rock, glam-rock eszenan– sortutako taldea. Eurak dira oi!-aren aitaitetako batzuk, duda barik. Zer dute? Melodia sarkorrak, zahartze oso ona eta klasiko mordoa.
- 01:05 Peter & Test Tube Babies Ingalaterrako dinosauro beteranoak, 77ko punkari bestelako sonoritatea gehitzen asmatu zutenak, ilunagoa, azkarragoa eta umorearekin.
Eskumuturrekoa, "ezinbestekoa"
Monterron parkera sartzeko derrigorrezkoa izango da sarrera ordaintzea. Sarrera hori, baina, eskumuturrekoarekin aldatzea ezinbestekoa izango dela adierazi dute antolatzaileek. "Parkearen sarreran izango da eskumuturrekoak hartzeko txokoa eta ordutegi hau izango du: gaur, egubakoitza, 17:00etatik 23:00etara; eta zapatuan, 13:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 23:00etara".
Jaialdi handietan moduan, puntako teknologiarekin egindako eskumuturrekoa izango dute erabiltzaileek. Monterron parkeko gunera sartzeko eta irteteko aukera emango du, eta baita jaialdiaren bueltan jarritako tabernetan ordaintzeko ere. Horrez gain, edukiera zaintzeko aukera ere emango die eskumuturrak.