HEMEN DEBAGOIENA

Euskaraldirako bidea hasi dute entitateek

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 7a, 20:22

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta Arrasateko hainbat entitate lanean hasiak dira. Bide horretan, AEDk antolatutako saioa izan dute, esperientziak partekatzeaz gain, ariketa sozialari nola heldu jakiteko.

Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak Batera, batzera hausnarketa prozesua egin zuen iaz, eta hortik sortutako lan-ildoetako bat izan zen lan munduan "nolabait eragin beharrarena", Aitzol Illarramendi elkarteko kideak azaldu duenez. "Talde bat sortu genuen eta azken urtean lantzen ibili gara nola gehiago iritsi lan mundura eta hor dauden hutsuneak edo hobetu beharrekoetan nola lagundu".

Hala, Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere badatorrenez eta aurten ere entitateekin lan egingo duenez, aprobetxatzen ari dira biak uztartu eta enpresei deialdia egiteko ariketa sozialean parte hartzeko.

Horretarako baliatu dute, hain zuzen, aste honetan Kulturaten egindako saioa. Arrasateko hamabost enpresatako ordezkariak egon dira solasaldian, eta horietatik lau enpresa berriak, gainera, orain arte Euskaraldian parte hartu ez dutenak. "Enpresa bakoitzak dituen beharretara eta kezketara egokituko gara. Langileak ere deitu ditugu, batzuetan behetik gorako lanak izaten direlako. Ikuspegi orokorra jaso gura dugu enpresengandik, ikusteko zertan lagundu dezakegun hemendik azarora bitartean", dio Illarramendik.

Beti dago zer hobetu

Euskarari dagokionez, azken urteetan lan munduan aurrerapauso handiak eman direla adierazi du, baina ezin da ahaztu oraindik bide luzea dagoela egiteko. "Beti dago zer hobetu, eta horretan saiatu gura dugu, bakoitzak bere mailan; izan ere, askotariko enpresak daude, bakoitza bere eboluzio mailarekin. Baina bai, euskararen erabilera handitzea eta sustatzea gura dugu", aitortu du.

Ariguneak, oso garrantzitsuak

Hasiera batean, Euskaraldia norbanakoetara zuzendu zen, baina bigarren edizioan entitateak ere hartu zituzten kontuan eta Illarramendik nabarmendu du hor ikusi zela ze garrantzitsua den horien parte-hartzea. "Euskaraz lasai aritzeko ariguneei garrantzia emateak indartu egiten ditu norbanakoak, eta, nolabait, erraztu egiten die euskaraz komunikatzea".

"Emaitza oso positiboak"

Jone Amonarrizek, bestalde, AZK komunikazio eta publizitate agentziaren izenean egin du berba, eta haien enpresan izandako esperientzia oinarri hartuta, Euskaraldiaren abantailak azpimarratu ditu.

Enpresa alorrean produktibitateaz berba egitean, dio euskara ez dela hor kokatzen, baina euskarak "emaitza oso positiboak" eman ditzakeela uste du, baita onura ekonomikoak ekar ditzakeela ere. "Euskararekin, galtzekorik ez dago eta, gehiago edo gutxiago, beti irabaziko dugu. Euskaraldiak hori plazaratzeko aukera eskaintzen digu kanpora begira eta, barrura begira, aitzakia bat ematen digu erabaki batzuk hartzeko".

Halaber, AZK-k, 30 urtetik gorako ibilbidean, bailarako zein Euskal Herriko bilakaera soziolinguistikoa paraleloki bizi izan duela dio. "Beraz, enpresa euskalduntzen joan da eta, era berean, haren bazkideak ere bai. Hori dela eta, euskara lanerako tresna oso garrantzitsu bat da AZKrentzat, eta, horrez gain, gure nortasunaren, identitatearen eta balioen parte inportante bat ere bada".

Errepikatu egingo dute

Maria Esquirozek Ekide enpresaren esperientzia azaldu du: "Euskaraldiak ahobizi eta belarriprest-ak identifikatzen lagundu zigun eta, ondorioz, Ekideko ariguneak identifikatu genituen, barruko zein kanpoko komunikazioan, bezeroekin, hornitzaileekin eta abar". Adierazi duenez, Ekideko langileen %30ek eman zuten izena, baina, azkenean, langile gehiago animatu ziren euskaraz egitera. "Galdetegi bat egin genuen ondoren, eta bete zuten ahobizi-ek onartu zuten beti edo ia beti jardun zutela euskaraz, baita belarriprest-ekin ere. Gehiengoak baloratu zuen ariketak iraun bitartean euskara gehiago entzun zela euren inguruan eta esperientzia errepikatzeko prest zeudela. Beraz, aurten ere parte hartuko dugu", onartu du.

Entitateek Euskaraldian parte hartzeak ze garrantzia du?

Aitzol Illarramendi, AEDko kidea: "Bigarren edizioan ikusi zen entitateek parte hartzearen garrantzia. Euskaraz lasai aritzeko ariguneek indartu egiten dituzte norbanakoak, eta erraztu egiten die euskaraz komunikatzea".

Jone Amonarriz, AZK-ko kidea: "Euskara marka eta enpresa indartzeko tresna garrantzitsu bat da. Gako estrategiko bat izan daiteke bai helburu komertzialei begira, baita taldeko barne kohesioa bermatzekoa ere".

Maria Esquiroz, Ekide enpresako kidea: "Euskaraldiari esker, euskararen erabilera areagotu dugu enpresan, eta ikusi dugu hartutako ohiturak aldatu ditzakegula geure arteko komunikazioan eta euskaraz gehiago egitea posible dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak