30 urteren ostean hezkuntza lege eguneratu bat martxan jartzea espero dute 2023/2024 ikasturterako. Legebiltzarra osatzen duten alderdiek testuari emandako babes zabala abiapuntua izan da bide horretan.
Hezkuntza lege berria gobernuen gainetik egongo den proiektua izatea nahi dute. Izan ere, Espainian zortzi lege desberdin egon dira indarrean azken 40 urteotan, eta bederatzigarrena, LOMLOE izenekoa, laster onartuko dute. Beraz, euskal hezkuntzarako onartu duten akordioa testuinguru horretan kokatzen da.
Ikaslea "erdigunean"
Funtsean, ikasleak erdigunean jartzea du helburu onartu nahi duten lege berriak. Finlandiako hezkuntza eredua bertatik bertara ezagutu dute etorkizuneko kurrikulumerako ideiak hartzeko. Hezkuntzaren komunitateko eragileekin bilera ugari egin dituzte, euren ekarpenak jasotzeko.
Sei ardatz finkatu dituzte akordioan. Ikaslea bera da bat, eta ikastetxea, hizkuntza, irakasleak, gobernantza eta eraldaketa pedagogikoa dira beste ardatzak. Ikasgeletako aniztasunak nabarmen gora egin duela-eta, tokiko batzordeak osatu nahi dituzte herrietan, aniztasun guztien ordezkariak batu eta zaurgarritasun egoerei modu orekatuan erantzuteko.