ALBISTEAK

Euskaraldiaren lorpenak plazaratu dituzte, kalejiran

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 1a, 12:30

Udazkenean egingo dute Euskaraldiaren hirugarren edizioa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hain zuzen, eta Arrasaten dagoeneko hasi dira motorrak berotzen. Izan ere, ariketa sozialari esker lortutakoak plazaratzeko kalejira egin dute, eta hori izan da kalera atera duten lehen ekintza.

"Panel bat sortu dugu, herritarrek haien lorpenak eta Euskaraldiari esker eman dituen aurrerapausoak idatzi ahal izateko, horri balioa emateko eta ikusarazteko benetan zer lortu genezakeen ariketa sozial honekin", azaldu du Ikuska Lizarraldek, Euskaraldiaren Arrasateko dinamizatzaileak.

Hala, Maiatzaren Bata plazan abiatu dute kalejira eta, trikiti eta txalaparta doinuek girotuta, hainbat komertzio zeharkatu dituzte, Herriko Plazara heldu arte. Modu horretan, merkatariak haien bizipenak idazten joan dira, eta panelean itsasten. Era berean, herritarrek ere hartu dute horretarako tartea, eta batzuk ausartu dira mikrofonoa hartu eta haien esperientziak adierazten. "Pozik gaude kalejirak izan duen erantzunarekin, uste baino jende gehiago batu garelako, eta oso giro polita sortu delako", nabarmendu du Lizarraldek.

Bastida akademia eta Olgeta jostailu denda dira Euskaraldiari atxikimendua adierazi diotenetako bi, eta haien lorpenak plazaratu dituzte panelean. Bastida akademiako Xabier Arnaizek, esaterako, azaldu du haien barne bileretan euskara gehiago erabiltzen dutela Euskaraldiari esker, eta irakasleei bidaltzen dieten dokumentazio guztia euskaraz zein gaztelaniaz idazten dutela. Olgeta jostailu dendako Itsaso Pagoagak, era berean, dio bezeroekin izaten dituzten elkarrizketa elebidunetan haiek euskaraz jarraitzea. "Batzuetan kosta egiten zaigu, errazago jotzen dugu gaztelaniara, eta Euskaraldiak hori aldatzen lagundu digu, horretan indartu garela uste dut".

Panela kalean geratuko da

Datozen egun eta asteetan kalean egongo da panela, San Frantzisko elizako paretan. "Herritarrek aukera izango dute haien lorpenak panelean idazteko, beraz, geroz eta gehiago bete, orduan eta hobe izango da, jendeak ikus dezan, identifikatuta sentitu dadin eta Euskaraldian parte har dezan", azaldu du dinamizatzaileak.

Santa Marinan eta Musakolan ere bai

Aurtengo beste helburuetako bat da erdigunetik auzoetara hedatzea. Hori dela eta, oraingoan San Andresen egin duten moduan, Santa Marina auzoan eta Musakolan egitea ere aurreikusten dute. "Zehaztapen guztien berri emango dugu sare sozialetan eta hedabideetan, beraz, adi egon!".

Erlazionatuak

Euskaraldiaren lorpenen kalejira, argazkitan

Eneko Azurmendi Barrena 2022 uzt 01 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak