ALBISTEAK

Sanjuanen gaineko balorazio ona egin dute Arrasateko Udalak eta eragileek

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 28a, 15:25

Amaitu dira sanjuanak, eta orain, balorazioei ekin diete Arrasateko Udalak, eragileek eta antolaketa lanetan jardun duten guztiek. Oro har, balorazio positiboa egin dute; aurreikusitako ekintza ia guztiak egin dira –eguraldiarengatik lekualdaketak egon diren arren–, eta herritarren partaidetza handia izan dela adierazi dute.

Udal Gobernuari dagokionez, jaien "oso balorazio positiboa" egin du Maria Ubarretxena alkateak, ekintza guztiak "jendez gainezka" egon direla azpimarratuz. Era berean, kultura eragileen inplikazioa eta egin duten lana eskertu du, "haiek barik ez zirelako posible izango jaiak".

Horrez gain, herritar guztien jarrera nabarmendu du: "Errespetuz jokatu da eta parte-hartzea itzela izan da ekintza guztietan. Ikusi da, bi urteren ostean, jendeak gogo handia zuela jaiez gozatzeko eta ondo pasatzeko, eta hala izan da".

Bestalde, bereziki eskertu gura izan ditu udal langileak, daukaten inplikazioagatik eta egiten duten lan guztiagatik. "Kultura saila, Udaltzaingoa, udal brigada, Berdintasun teknikariak… jo eta su lanean aritzen dira herritarrok sanjuanak behar bezala disfrutatu ditzagun eta, beraz, haien lana eskertu behar dugu".

Pilaketaren harira, neurri berriak

Ekainaren 24ko jende pilaketaren gainean, behin jaiak bukatuta eta "lasaitasunetik eta distantziatik" begiratuta, adierazi du Udala batuko dela jaietako eragileekin eta, bereziki, zezenen bueltako eragileekin. "Datorren urtera begira aldaketak proposatuko ditugu. Zorionez, ez da ezer larririk gertatu, apurka-apurka errekuperatzen ari dira kolpeak eta ubelduak eduki zituzten herritarrak, baina dagoeneko hirugarren aldia da horrelako jende pilaketa bat gertatzen dela, eta neurriak hartu beharra dago".

Aurrerantzean ere entzierroak egitea posible dela uste du alkateak, baina "neurri berezi batzuk" hartuta. "Oraindik goiz da neurri horiek aurreratzeko. Balorazio sakonago bat egin gura dugu, eragileekin eseri eta ondo hausnartuta", gaineratu du. 

Erasorik gabeko guneak jakin-mina piztu du

Halaber, indarkeria matxistarik gabeko Arbolapetako guneak jakin-mina piztu duela azaldu dute Berdintasun sailetik. "Oro har, gure presentzia oso eskertua izan da eta material ezberdina edukitzeak ere jendea gerturatzeko lagundu du". Telefono arretari dagokionez, ez dute deirik eduki.

Askotariko materialak izan dituzte gunean: jaien testuinguruan gerta daitezkeen erasoak identifikatu eta aurre egiteko eskuorriak, zurrumurru matxistei buruzko liburuxka, pegatinak, txapa eta abar. Horrez gain, Udaletik banatutako materiala ere eduki dute, Emakume Txokotik ateratako poltsak, beldur barik eskuorriak eta festen testuinguruan erasoei aurre egiteko baliabideak, hala nola.

Adin guztietako jende joan da gunera. "Halere, gehien nagusitu den profila neska* gazteena izan da. Gehienak gure presentziak jakin-mina piztuta bertaratu dira; gure egitekoa agertzean oso eskertuak agertzen ziren, eta gure lana zoriondu".

Txosnetan, zapatua jendetsuena

Txosnaguneko balorazioari erreparatuta, Txosna Batzordea datorren astean batuko da balorazio ofiziala egiteko. Nolanahi ere, aurreratu dute orokorrean oso ondo joan direla jaiak, eta jende ugari egon dela txosnagunean; batez ere, ekainaren 25eko kontzertuetan. Halaber, adierazi dute ez dutela jaso eraso matxista, homofobo edo transfoboen salaketarik.

AEDkoak ere pozik

Itxaro Artola AEDko kideak esan du zituzten helburuak beteta geratu direla. "Aurreikuspenak onak ziren, jendea oso gogotsu zegoen, eta nabaritu da oso giro sanoa egon dela kalean".

Batetik, dragoi janean, jendeak "oso ondo" erantzun zuela azaldu du eta "oso balorazio onak" jaso dituztela haien aldetik. "Giro ezin hobea egon zen eta oso pozik gaude, alde horretatik", gaineratu du AEDko kideak.

Bestetik, bertso saioa Kulturatera aldatu behar izan zuten azken unean, euri-langarra ari zuelako, baina aretoa bete egin zen eta "oso saio polita" eskaini zuten bertsolariek. "Entzuleak oso gustura geratu ziren eta, beraz, gu ere bai".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak