Jon Lopategiren omenez antolatu du, bigarren urtez jarraian, Argi Baltza Sariketa Bizkaiko Busturialdeko Lilibertso bertso eskolak. Hiru kanporaketa jokatu zituzten ekainean zehar hemezortzi bertsolarik; besteak beste, irailaren 24tik aurrera jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian izango diren hiru bertsolari egon dira lehian.
Bi debagoiendarrek hartu dute parte txapelketan. Ekainaren 5ean Ajangizen jokatutako kanporaketan abestu zuen Arabako txapeldun den eta Txapelketa Nagusian parte hartuko duen Peru Abarrategi Sarrionaindiak, eta duela bi aste oholtzaratu zen Zuazubiskar Gautegiz Arteagan. Laugarren izan zen aramaioarra bere kanporaketan, eta finalerako txartel zuzena eskuratu zuen saioa irabazita arrasatearrak.
Txapela
Hala, atzo jokatu zen Muxikan bertsolari gazteentzako antolatutako sariketaren finala. Seikotean ziren, besteak beste, Mikel Retolaza Etxebarria pasa den urteko txapelduna –bosgarren izan zen– eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista eta Txapelketa Nagusian abestuko duen bertsolaria –hirugarren izan zen–.
Buruz burukora, baina, Zuazubiskar eta Aner Peritz Manterola sailkatu ziren. Zarauztarrak baino 4,5 puntu gehiago eskuratu zituen arrasatearrak (379,5 puntu, zehazki), eta bertso puntuagarriak amaituta, Onintza Enbeita Maguregik jantzi zion txapela. "Maila handiko" saioa izan zen antolatzaileen hitzetan, "final polita".