Zuhaitzen Nazioarteko Eguna da bihar, eta MUk Iturripeko campuseko lorategiaren garrantzia nabarmendu du

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 27a, 11:12

Bihar, Zuhaitzen Nazioarteko Eguna da, eta Mondragon Unibertsitateak bere harribitxia den lorategi botanikoari balioa eman nahi izan dio, planetaren birikaren parte diren 50 espezietik gorako 100 zuhaitz dituela nabarmenduta. Ezkiak, haritz amerikarrak, koniferoak, sekuoiak, artelatzak eta pagoak dira, besteak beste, espezie horietako batzuk.

Planetako birika dira zuhaitzak, atmosferaren arnasguneak direlako. Bihar, ekainak 28, Zuhaitzen Nazioarteko Eguna da, eta Mondragon Unibertsitateak gogorarazi egin nahi izan du Iturripeko Campusean duen harribitxi botanikoa: lorategia. Bertan, 90eko hamarkadan landatutako 100 bat zuhaitz daude, 50 zuhaitz-espezietakoak.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoaren ingurumen lantaldeak urte asko daramatza lorategi hau zaintzen, eta orain, arrasatearrei eta gaian interesatutakoei erakutsi nahi dizkiete lorategia eta espezieak. "Zuhaitzen aniztasunagatik eta espezieen kopuruagatik, balio handia duen lorategia da", diote Goi Eskola Politeknikotik.

Ezkiak eta haritz amerikarrak dira espezierik ugarienak (Tilia platyphyllos/Tilia cordata eta Quercus rubra); koniferoen barruan Lurrean 250 milioi urte baino gehiago daramatzan fosil biziduna den Ginkgo biloba bat nabarmentzen da. Horietaz gain, bi sekuoia luze daude, 100 metrotik gorakoak, Arrasateko Monterron eta Etxezarreta parkeetan ere ikusi daitezkeenak. Euskal espezieen artean, bertoko haritza (Quercus robur), artea (Quecur ilex), artelatza (Quercus suber), hagina (Taxus baccata), pagoa (Fagus sylvatica), zumarra (Ulmus graba), gaztainondoa (Castanea sativa) eta lizarra (Fraxinus excelsior) daude.

Zuhaitzez gain, lorezaintzan asko erabiltzen diren espezieak ere badaude campusean: aranondo gorria (Prunus cesarifera Pisardii), indimetrea (Lagerstroemia indica), amodio-zuhaitza (Cercis siliquastrum), katalpa (Catalpa bignonioides), indi gaztainondo arrunta (Aesculus hippocastanum) eta magnolia (Magnolia soulangeana), magnolia lore-handia (Magnolia grandiflora), xarma arrunta (Carpinus betulus), astigar zuria (Acer pseudoplatanus) eta likidanbarra (Liquidambar styraciflua).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak