Irabazleak "guztiak" izan arren, hemeretzi izan dira saridunak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 21a, 20:15

Arrasate Literatur Lehiaketako sariak banatu berri dituzte. Narrazioan, Jare Urrutiak eta Andoni Osinaldek irabazi dituzte sari nagusiak; ilustrazioan, Anne sofia Dazak eta Ane Fernandezek; bertso paperean, Ane Aranzabalek; mikroipuinean, Nora Zeziagak eta Ainhize Ibabek; poesian, Alaitz Etxebarriak eta Ane Sologaiztoak eta komikian, Nahia Davilak. Helena Azkarragaurizar izan da aurtengo gonbidatu berezia.

Kulturateko areto nagusian egin dute AEDk hogeita hamabosgarrenez antolatu duen Arrasate Literatur Lehiaketaren sari banaketa. "Aspaldiko parte-hartze altuena" izan du aurtengoak (383 lan aurkeztu dituzte), batez ere ilustrazioan, bertso paperetan eta narrazioan. Hala ere, DBH mailan bertso paperetan eta komikian ez da lanik aurkeztu eta, datorren urtera begira, horiek animatu gura izan dituzte AEDtik.

Lanen kalitateari dagokionez, "maila polita" ikusi dute epaimahaikideek eta, hori hala, antolatzaileek "parte-hartzaile guztiak" jo dituzte irabazletzat. Edozelan ere, lehiaketa izanik, saridunak zeintzuk izan diren erabaki du epaimahaiak.

Narrazioan, Jare Urrutia eta Andoni Osinalde

Narrazioan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan, Jare Urrutiak irabazi du sari nagusia Leihotik mundura lanagatik. Bigarren saria, berriz, Aimar Morenorentzat izan da, Auto miragarria lanagatik.

Bestalde, DBHko lehen eta bigarren mailetan, Kolore gabeko mundu bat lanarekin, Andoni Osinaldek irabazi du sari nagusia, Ainara Revillaren aurretik (Euli bidaiaria lana).

Kategoria horretan 114 lan aurkeztu dituzte eta Libe Argoitiak egindako marrazki batean oinarrituta idatzi behar izan dute euren lana.

Ilustrazioan, Anne sofia Daza eta Ane Fernandez

Bestalde, ilustrazioan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan, Anne sofia Dazak irabazi du sari nagusia, Ilargi Bengoaren aurretik.

DBHko lehen eta bigarren mailetan, Ane Fernandez izan da onena epaimahaiaren iritziz, eta Jare Berezibarri eman diote bigarren saria.

Kategoria horretan 188 lan aurkeztu dituzte eta Kattalin Linazisorok idatzitako Hegan mikroipuina hartu dute oinarri bezala marrazkia egiteko.

Bertso paperean, Ane Aranzabal

35 lan aurkeztu dituzte bertso paper kategorian, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan, eta Ametsak izan da gaia. Ane Aranzabalek eskuratu du sari nagusia eta Jare Urrutiak, berriz, bigarren saria. Unai Bergaretxe eta Olatz Ibarluzea izan dira sariak emateaz arduratu direnak.

Mikroipuinean, Nora Zeziaga eta Ainhize Ibabe

34 mikroipuin aurkeztu dituzte guztira aurtengo edizioan. Batetik, DBHko hirugarren eta laugarren mailetan, Nora Zeziagaren Hormonen kantuak lanari eman dio sari nagusia epaimahaiak. Bigarren saria, berriz, Oier Armendiaren Hamairu lanarentzat izan da. 

Batxilergoan, aldiz, Ainhize Ibaberen Zoratuta ni? lana izan da onena, Oihane Bengoaren Azken muxua lanaren aurretik.

Poesian, Alaitz Etxebarria eta Ane Sologaiztoa

DBHko hirugarren eta laugarren mailetan, Ilargi eta Iletargi izan da poesia onena, Alaitz Etxebarriak idatzi duena eta bigarren saria ere idazle berak irabazi du, Argazkietara mugatu ezin daitezkeenak olerkiagatik.

Batxilergoan, Ane Sologaiztoaren Ipuineko erregina olerkiari eman dio epaimahaiak sari nagusia. Bigarren saria, berriz, Alaitz Sanchezek irabazi du, Ordezko maitea olerkiagatik.

Komiki bakarra, Nahia Davilarena

Igor Leturia eta Julen Ribas epaimahaikideen arabera, lanak betetzen ditu komikiaren oinarrizko printzipioak eta marrazkiak "oso onak" dira. "Beraz, lan bakarra egon arren, saria ematea proposatu dute eta guk onartu", azaldu du Itxaro Artola AEDko kideak. Hala, Nahia Davilak jaso du komiki arloko sari nagusia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak