Aurrenerabeengan gizarte trebetasunak lantzeko 'EKKO' egitasmoa aurkeztu dute

Hasier Larrea 2022ko eka. 21a, 15:09

Aisialdi, kirol, hezkuntza eta kultur eremuko gazteek 100 orduko ikastaroa jasoko dute irailetik aurrera, datozen bi ikasturteetan zehar LH5 eta LH6ko ikasleekin dinamizazio estrategiak aurrera eramateko.

Arrasateko Udaleko Gizarte Zebitzuen Saila, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea, San Juan de Dios osasun zentroa, Arrasateko Herri Eskola eta Arizmendi Ikastola daude proiektuan inplikatuta. EKKO –Eskola, Komunitatea, Kirola, Osasuna– LH5 eta LH6n dauden aurre nerabeengan gizarte trebetasunak sustatzeko esku hartze komunitarioko proiektu hezitzailea da.

Haur eta nerabeei erabakiak "askatasunez eta arduraz" hartzeko tresnak ematea da egitasmoaren helburu nagusia, eguneroko bizitzan aurkituko dituzten "zailtasun eta arrisku egoerei aurre egiten eta jokabide osasungarriak aukeratzen" jakin dezaten. Haur eta nerabeen garapena gurasoekin lantzea ere bada asmoetako bat.

Izen-ematea, laster zabalik

EKKO proiektua bi fasetan gauzatuko dute: lehenengoan, parte hartuko duten dinamizatzaileek prestaketa jasoko dute HUHEZI fakultatean diseinatu duten programaren bitartez, eta, bigarrenean, proiektua bera garatzera pasako dira.

Arrasaten aisialdi, kirol, hezkuntza eta kultur eremuan haur edota nerabeekin lanean diharduten pertsonak dira bilatzen dituzten hezitzaileak. Horiek hartuko dute parte Haurren trebetasun sozialak lantzeko dinamizazio estrategietan espezializazio ikastaroa-n. Arrasateko Udalak 32.000 eurotako diru partida bideratu du ikastaro horretarako. Formakuntza jaso nahi dutenek, aste honetan hasita, 10 eguneko epea izango dute izena emateko, arrasate.eus atariaren edo BAZen bitartez.

Deialdi horretan hautagaien ikasketak eta tokiko aisialdian, kirolean, hezkuntzan eta kultura arloetan duten esperientzia baloratuko dute.

Haurrekin eta gurasoekin 

Behin dinamizatzaileen lantaldea osatuta eta trebatuta, bi ikasturteko programa garatzen hasiko dira. Guztira, 50 lan saio egingo dituzte, 40 saio haurrekin eskola orduetan, eta beste 10 saio gurasoekin batera, eskola ordutegitik kanpo.

Saio horietan autoestimua, komunikazioa, erabakiak hartzea, arazoak konpontzea eta pertsonen arteko interakzioak izango dituzte hizpide.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak