Arrasateko San Juan jaietan zezen-plazak jende asko erakartzen du, eta aurten ere Jose Maria Arizmendiarrieta plazan jarriko dute. Bergarako Zezenak ganadutegiko lagunek kudeatuko dute espazioa, eta Bergarako Pentekoste jaiek emandakoa ikusita aurreikusten dute bete egingo direla emanaldi guztiak. Hiru entzierro –ondorengo bigantxa saioekin–, errekorte erakustaldi bat eta neska-mutikoei zuzendutako bi saio egongo dira. Azken horiek 8-15 urte artekoendako izango dira; lehenengoa errekortadore eskola izango da eta bigarrena errekortadore gaztetxoen txapelketa.
Hiru entzierro
Zezen-plazarekin lotutako ikuskizunak San Juan egunean hasiko dira. Hiru egunez jarraian entzierroa egongo da, Erdiko kaletik 09:00etan abiatuta. Ohiko ibilbidea egingo dute zezenek eta korrikalariek: Kanpantorpea eta Zerkaosteta zeharkatu ostean, zezen-plazara helduko dira. Amaitutakoan, bigantxen txanda izango da, eta zezen-plazan adore erakustaldia egiteko aukera izango dute 16 urtetik gorakoek. "Beste herri batzuetan kontua nola joan den ikusita, pentsatzen dut sarrerak agortu egingo direla, batez ere, lehenengo egunetan", azaldu du Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almortzak. "Jendeak festarako gogoa du".
Goienak zuzenean emango du jaietako lehenengo entzierroa. Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian ikusteko aukera izango da.
Errekortadoreak egubakoitzean
San Juan egunean, 19:30ean, errekortadore erakustaldia izango da ikusgai zezen-plazan. "Hamabi errekortadore arituko dira. Ez dira profesionalak, inor ez delako honetatik bizi, baina beteranoak dira, eta maila handikoak", azaldu du Almortzak. Bergaran jokatutako errekortadore txapelketan parte hartutako guztiak izango dira Arrasateko plazan. Esaterako, Unai Arana Xurra, Anartz Almortza, Sergio Zapatero eta Ander Gallastegi. Bi izango dira arrasatearrak: Blas Cruz eta Aitor Murgiondo. Herrikideen aurrean luzitzen saiatuko dira.
8 eta 15 urte artekoendako, bi
Zapatu eta domeka arratsaldean gaztetxoendako izango da Arrasateko zezen-plaza. Errekortadore eskolako saioa egingo dute zapatuan, 18:30ean. "Bi urteko geldialdiaren ostean, zapatuko saioak balioko du ikusteko zenbat ume dagoen eta zer-nolako maila duten. Mundu honetan bi urteko etena oso gogorra da. Jarduera honetan arlo psikologikoak garrantzi handia du, eta ume bat ezin da mota honetako animalia baten aurrean jarri gutxieneko ziurtasun bat ez badauka. Arrasaten tradizio handia dago, eta duela pare bat urte bazeuden oraindik txikiak izanda ere oso onak ziren bizpahiru mutiko. Honezkero izango dituzte 12 bat urte. Desiratzen gaude ikusteko zer-nolako maila duten. Gure asmoa da zapatuko saioan aukeraketa moduko bat egitea domekan jokatzekoa den txapelketan parte hartuko duten gaztetxoak zeintzuk izan daitezkeen erabakitzeko", azaldu du Almortzak. "Baionako errekortadore eskolarekin harreman estua dugu, eta ia ziur dakigu pare bat mutiko etortzekoak direla Arrasateko txapelketara. Konplexua da mota honetako txapelketa bat antolatzea. Taldeak egin behar dira umeen gaitasunak eta adina kontuan hartuta, erabaki behar da zein animalia bota... Ezagutzen dugu jendea, baina bi urteko etenaldiaren ostean ikusi behar dugu egoera zein den eta horren arabera jokatu".
Sanjuanetan zezen-plazan