Auzoko Egunak hartu du Arrasateko Seber Altube plaza

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 12a, 16:50

Auzoko egitasmoaren ikasturte amaierako jaia ospatu dute Arrasaten. 70 lagunetik gora elkartu badira ere, antolatzaileek adierazi dute auzokideak euskara ikasteko "oso gogotsu" daudela, baina auzotarrak falta direla, "euskal hiztunak, bertakoak".

Hamargarren Auzoko Eguna ospatu dute Arrasaten. Euskaltzaleen topagunetik sortutako Auzoko egitasmoak, guztira, zortzi herritan ditu taldeak; horietako lau Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasate dira. Urtean zehar bizikidetzarako espazioak sortzen dituzte, eta halako egunak horietako bat gehiago dira antolatzaileek adierazi dutenez: "Elkar ezagutzeko eta hizkuntzekin jolasteko beste egun bat bezala hartzen dugu". 

Debagoieneko herri horietaz gain, Donostiatik, Gasteiztik eta Soraluzetik etorri dira. Bertaratu diren guztiei ongietorria emateko hitza hartu dute Ekin Emakumeak elkarteko Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko zinegotzi Maitane Muñozek eta Kike Amonarrizek. Halaber, Ttakun Elkartearen Txalapartaren soinuak izan dira entzungai.

Egitarau zabala antolatu dute egun guztirako; helburua, herria ezagutzearekin batera, kasu honetan Arrasate, parte-hartzaileek elkar ezagutzea. Alde batetik, goizean murala osatu dute Auzokoren oinarrian dauden lau ardatzen inguruan dituzten bizipenekin. Ondoren, Arrasate ezagutzeko bisita gidatua egin dute. Kultura ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera ere egon da, baita dantzatzeko eta jolasteko ere.

Auzotarren beharra

Halako egunetan auzokideak eta auzotarrak hartzen dute parte, eta Jasone Giraldo Auzoko dinamizatzaileak nahiz auzotarrak aitortu du, auzokide asko daudela, baina auzotarrak behar dituztela: "Auzokideak oso gogotsu daude euskara ikasteko, baina auzotarrak falta zaizkigu; euskal hiztunak, bertakoak. Nolabait, bidelagun izango direnak, auzokide horiei euskararen bidea erraztuko dienak".

Halaber, ekimen honetan parte hartzeko deia egin die auzotarrei, "inolako konpromisorik gabe. Etortzea, galdetzea eta probatzea da. Normalean, probatzen duena katiatzen da. Gure auzokieek euskararen bide honetan laguntza behar dute eta zer hobe horiek zure auzokoak izatea baino".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak