Bigarren Pandero Jaialdia antolatu du Arrasateko Trikitixa Eskolak Udalarekin elkarlanean. Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan daude sarrerak eskuragarri, 10 eurotan.
Panderoa lehen lerroan jarriko duzue adituak gonbidatuta. Pozik?
Bai horixe! Jendea oso gogotsu dago eta oso pozik hartzen dute guztiek gonbidapena. Goiz da oraindik Euskal Herri mailako jaialdi erreferentea izango den esateko, baina hastapenak ezin hobeak direla ezin ukatu.
Zeren arabera aukeratu dituzue?
Artista edo musikarien bila joan gara baldintza zehatz edo fokua bereziki inon jarri barik. Modu naturalean osatu dugu kartela gauza ezberdinak uztartuta.
Panderoa jotzeko teknika eta moduak erakutsiko dituzue?
Noski! Galiziako taldeak oso ezberdin erabiltzen du panderoa; eskua mugitu beharrean, panderoa mugitzen dute eta kantaera oso ezberdina dute. 20 urteko geldialdiaren ostean, iaz abiatu ziren berriz ere, eta gogotsu datoz: hirukote formatuan espero ditugu. Iparraldeko Maider eta Jerome Martineau lehengusuek duten jotzeko modua ere oso ezberdina da. Ikasketa handiak dituzten musikariak dira, klasikotik eta modernotik asko edaten dutenak. Beti ezagutu dugun panderoa jotzeko modu hori erakusteko, berriz, Laja eta Lutxurdio bikotea izango dugu.
Imanol, Motriko eta Leturia ere betikoak dira, ezta?
Plaza asko dituzte bizkarrean, bai, maisu handiak dira. Trikitilari handien pandero-joleak izan dira hirurak. Aurretik ere egin izan dituzte elkarrekin esperimentuak eta pozarren hartu zuten gure gonbidapena. Leturiak atzo esan zidan kopla berriak prestatu dituztela, eta Arrasateri eskainitakoren bat dagoela aurreratu zidan.
Kimua dantza kolektiboa ere gonbidatu duzue. Zer dela eta?
Iaz ere saiakera egin genuen, baina egun berean euren ikuskizun berria estreinatu behar zutela-eta aurtengo zerrendan sartu genituen. Pandero dantza edo joko oso ikusgarriak egiten dituzte; dantzari trebeak dira eta panderoa joz egiten dute dantza. Eskarmentu handia dute; besteak beste, Kepa Junkeraren eta Xabi Solanoren ikuskizunetan ibilitakoak dira.
Zelako egitura izango du?
Gure eskolako ikasle ohi Maider Osak aurkeztuko du eta, hain zuzen ere, ordu eta laurden iraungo du; talde bakoitzak hiru pieza joko ditu.
Irakasle izateaz gain, AMAK taldeko kide zara; pozik Musika Bulegoaren eskutik orain dela bi aste jasotako sariarekin?
Oso pozik! Hasieran broma zela pentsatu nuen arren [Barre].
Zelan duzue udako agenda?
Etxeko lanetan ibili gara, bideo-klipak eta bestelakoak egiten azkenaldian, eta orain dela bi aste hasi gara berriz ere kontzertuekin; Debagoienean bi geltoki izango ditugu aurrerago.