Tonaka zabor atera dute Arrasateko Zapatei kobatik

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko eka. 4a, 14:57

Besaideko kideak, 40 boluntario inguru eta Euskal Espeleologoen Elkargoko hogei bat lagun –Aloña Mendikoak, tartean– ibili dira Meatzerreka auzoko kobatik zaborra ateratzen. Lau tona-edo egongo zirela aurreikusten zuten, baina "nahikotxo gehiago" atera dutelakoan daude.

Urteetan pilatutako zaborra zegoen koba barruan. 70eko hamarkadako gauzak –etiketak ikusita– topatu dituzte, eta baita bota berriak ere: "Oraindik bada koba zabortegi moduan erabiltzen duenik", zioen Besaideko presidente Eñaut Iturbek. Etxeko ohiko gauzak topatu dituzte hondakinen artean: botilak, zapatak, plastiko ugari, jostailuak... Horrez gain, koba inoren beharretara egokitzeko adreiluzko horma ere bazuen altxatuta, bitan banatuz, eta hondakinez betetako gunea zigilatzeko ere erabili dute adreilua, zaborra ezkutatzeko.

Bere garaian Besaideko espeleologoek topatu zuten Zapatei koba. Aloñakoekin batera topografiatu zuten, eta mendi taldearen egungo arduradunek ikusi zutenean ze egoera tamalgarrian zegoen, auzolana antolatzea erabaki zuten; boluntarioak lortzeko deialdia egin eta Euskal Espeleologoen Elkargokoei eskatu zieten laguntza –garbiketa bat edo bi egiten dute urtean–. Arrasateko Udalak diruz babestu du ekimena.

Kilometro eta erdi inguru ditu kobak, sei sarrerarekin, eta lautan topatu dute zaborra. 45 metroko putzu bat ere badu sakonean. Garbiketa eginda, bisitarako moduan geratu dela adierazi dute. Oharren bat jarriko ei dute agian, zenbat kilo zabor atera duten ohartaraziz eta lekua zabortegi moduan ez ibiltzeko eskatuz.

Zaborrarentzako lekua ez izateaz gain, kobetan pilatutako hondakinek badute urarekin lotutako arriskua ere. Akuiferoetan amaitzen duen ura igarotzen baita leizeetan barrena, eta zaborrak kutsatu egin dezake gero ganaduak edo pertsonek edango duten ur hori.

Eñaut Iturberen arabera, Arrasaten beste koba batzuek ere badute garbitu beharra, eta litekeena da datozen urteetan halako auzolan gehiago antolatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak