Bakardadeei aurre egiteko erakunde eta eragileen estrategia aurkeztu dute Arrasaten

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko eka. 3a, 20:17

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bakardadeei aurre egiteko eskualderako estrategia, Hariak, aurkeztu dute arratsaldean Arrasaten –bailaraz bailara ari dira–. Gizarte eta komunitate loturak sendotzean oinarritzen da estrategia.

Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak eta Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastian izan dira ekimenaren abiatzean, Debagoieneko udaletako ordezkari politiko eta teknikariekin batera, eta hainbat herritar ere lagun. Azken bi urteetan erakunde publikoen eta gizarte antolatuaren artean egindako parte-hartze prozesuaren emaitza da ibilbide orri hau, adierazi dutenez.

51 pertsonako talde eragile batek gidatuta –erakundeetako eta gizarteko ordezkariek eta adituek osatua–, 400 lagunek baino gehiagok jardun dute parte-hartze prozesuan: 77 udalek, 98 gizarte erakundek eta tokiko eragilek, Osakidetzako sei ESIk eta hogei enpresa eta berrikuntza-zentrok.

Maite Peñak egoeraren diagnosirako egindako azterlana izan du hizpide, hasteko: "Azterlanak adierazten digu 55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen dela, nahiz eta %5,5ek soilik onartzen duten modu irekian". Diputatuak "lehen mailako erronka" jo du bakardadeei aurre egitea. Horretarako, hiru egiteko zehaztu ditu: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea; pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea; eta bakardade egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea. 

Estrategiaren ardatzean bereziki adineko pertsonak kokatu arren, bakardade egoerak bestelako giza-taldeetan ere ematen direla gogorarazi du Peñak. Erakunde eta norbanakoei eskatu die, azkenik, Hariak estrategiara batzeko.

Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastianek azaldu duenez, berriz, estrategiak hamabi esku-hartze maila biltzen ditu: prebentzio unibertsala, espazio fisikoen eraldaketaren, sentsibilizazioaren, aisialdiko eta boluntariotzako jardueren bidez; prebentzio selektiboa, bizikidetza dinamikak sortuz, auzo-komunitateak dinamizatuz eta arrakala digitala murriztuz; eta prebentzio egokitua, etxeko laguntzei eta konpainia-jarduerei esker, besteak beste.

Kulturateko aurkezpenaren aurretik, hainbat jarduera egin dituzte kanpoaldean, bakardadeen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta elkarrizketa publikoa sortzeko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak