ESK sindikatuak astelehenean mobilizatzera deitu ditu Debagoieneko ESIko langileak eta herritarrak –Debagoieneko Alternatibak bat egin du–. Eguerdiko 13:00etan Arrasateko ospitalearen atarian egingo den elkarretaratzean, eskaera zuzen bat egin nahi diote Osakidetzako zuzendaritza nagusiari: ospitaleko zuzendari medikoa "berehala kargutik kentzea".
Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, azken astean bi espezialistak iraupen luzeko bi kontraturi uko egin diote, "urteetako presioaren eta jazarpenaren ondoren". Izan ere, zuzendaritzak langileei "estortsio sistematikoa" egiten diela salatu dute, "zeinak profesional kualifikatuak gure ospitaletik ateratzea eragiten baitu".