Txatxilipurdi Elkarteak ia hiru hamarkada daramatza haurren, nerabeen eta familien aisialdia graduatzen. Gizartearen unean uneko errealitatetik abiatuz, jendartean eragiten.
Zubiak
Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen baitan, aisialdi hezitzaile euskaldunagoa bultzatzeko sortu zen, 1988an, Txatxilipurdi. Ekin Emakumeak elkarteak bezala, egitura propio gisa bidea egiten hasi zen sei urte geroago. Antzekoak dira Goiena Komunikazio Taldearen hastapenak ere.
Egiturak banatu arren, elkarteen arteko zubiek bere horretan diraute: elkarlanean, euskararen biziberritze prozesuan eragiten. Kasu honetan, hezkuntza ez-formalean eta aisialdiko plazerak baliatuz.
"Ibilbide dinamikoa"
Oinarri izan arren, gizarte euskaldunagoa bilakatzea ez da Txatxilipurdiren aisialdi eskaintzek bilatzen duten eragite esparru bakarra; "beste jendarte" eredu baten alde "lan eraginkor eta koherentea" egitea dute bide-orri gisa hartuta.
Aipatutako sorrerako oinarritik harago, jendarte zoriontsuagoa, kritikoagoa, zaintzaileagoa, hezitzaileagoa, parte hartzaileagoa, sortzaileagoa, feministagoa, inklusiboagoa eta horizontalagoa dute helburu. Eta -ago atzizkia gehitzen diote helburu orori, "ibilbide dinamiko" gisa ulertzen baitute prozesua, egungo errealitatetik abiatzen den ibilbidea, alegia.
Aniztasuna
Askotarikoa da Txatxilipurdik gizarteari egiten dion eskaintza. Jardun nagusia udaletxeetako Ludoteka eta Gaztetxokoen kudeaketara bideratzen duten arren, herriz herri aritzen dira Euskal Herrian haurrentzako, nerabeentzako eta familientzako kultur eskaintzak antolatuz. Baita Berramesten sailean irakasleentzako eta hezitzaileentzako formakuntza saioak eskaintzen, udaleku irekiak eta itxiak kudeatzen, eta gurasotasunaren eta hezkuntzaren inguruan hausnartzeko guraso.eus atari digitala elikatzen.
Hamaika dira eragite esparruak, eta beste hainbeste dira Txatxilipurdik esku artean dituen egitasmo eta eskaintzak.