Santa Teresako auzotarren iritzia jaso gura du Udal Gobernuak, hura berrurbanizatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 25a, 14:42

Parte-hartze prozesu bat jarriko dute martxan, Santa Teresa, Doneztebe Portuko, Agerre eta Galizia kaleetako irisgarritasunean, zoladuran, hiri-altzarietan, argiztapenean, ekipamenduetan eta bestelakoetan dauden gabeziei erantzuteko helburuarekin. Deitel Direct SL enpresa arduratuko da bizilagunen iritziak jaso eta txosten bat osatzeaz.

Santa Teresa, Doneztebe Portuko, Agerre eta Galizia kaleak Musakolarekin lotuko dituen igogailu sistema osatzeko lanak abian dira dagoeneko eta horrekin batera, auzoa berrurbanizatzeko parte-hartze prozesua aurkeztu du Udal Gobernuak. 

Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak sailak eta Santa Marina auzo-alkatetzak elkarlanean egingo dute prozesu hori, eta Deitel Direct SL enpresa arduratuko bizilagunen iritzia jasotzeaz.

Ekainean, telefono bidezko inkestak

Patxi Arratibel enpresako ordezkariaren esanetan, ahalik eta lagin zabalena lortu gura dute, "ahalik eta auzotar gehienen iritziak jasoz". Metodologiari dagokionez, bi bide erabiliko dituzte. "Lehenik, telefono bidezko inkestak egingo ditugu eta auzoan dauden 450 bat etxebizitzetara iristen saiatuko gara. Inkestetan galdera zehatzak egingo ditugu, 10-12 galdera inguru oinarrizko informazioa jasotzeko".

Ostean, "gaian sakondu ahal izateko", elkarrizketa luze eta sakonagoak egingo dituzte auzoko agente sozialekin: auzo-alkatetzarekin, Avesantes elkartearekin, Toki Argi erretiratuen elkartearekin, Arizmendi Ikastolarekin eta abar.

Batutako informazio guztiarekin, txosten bat egingo dute, ondorio guztiak jasoko dituena. "Behar nagusiak edo gehien errepikatzen direnak inportantzia nabarmenagoa izango dute txosten horretan eta, behin bukatuta, Udal Gobernuari helaraziko dizkiogu". Inkestak ekainean egingo dituzte eta ostean, elkarrizketekin hasiko dira. "Beraz, irail bukaerako txostena bukatuta izatea aurreikusten dugu".

Victoriano Fuentes Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak saileko zinegotziak parte hartzeko eskatu die bizilagunei. "Deia jasotzen dutenean, inkesta erantzun dezatela eskatu gura diet, lanak errazteko".

2005etik, "kaxoi batean sartuta"

Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez, 2005ean egin zen auzoaren berrurbanizazio proiektu bat, baina orain arte "kaxoi batean sartuta egon da" udaletxean eta "inork" ez dio horri heldu. "Orain, proiektu hori oinarri moduan hartu eta eguneratu egingo dugu, auzotarren iritzia aintzat hartuta".

Arratibelek gaineratu du bukaerako txostena "erraza" izatea gura dutela, "hau da, aurretik eginda dagoen proiektuan txertatzeko arazorik ez duena izango". 

Datorren agintaldira begira

Parte-hartze prozesua bukatzean, proiektua eguneratu eta idatzi egin beharko da. Gero, obrarako pleguak atera eta ondoren, lizitatu. "Epe horiek kontuan hartuta, urte eta erdi edo bi urte pasa beharko dira obra egiten hasteko. Beraz, agintaldi honetan proiektua bukatuta utziko dugu", azaldu du Ubarretxenak. Hala ere, 2023an udal hauteskundeak direla kontuan hartuta, hurrengo Gobernuaren esku geratuko da proiektu hori gauzatu ala ez.

Avesantes elkartea "haserre" agertu da azken horregatik. "Orain arte Gobernuan egon den inork ez du interesik erakutsi auzoa hobetzeko, eta berandu dator hau. Izorratu egiten gaitu, orain martxan jarritako prozesu hau guztia agian ez delako gauzatuko, Gobernu aldaketa egoten bada, ez dakigulako zer egingo duen hurrengoak", adierazi dute.

Avesantes elkartearen eskakizun nagusiak

Elkarteak argi dauka bere eskakizun nagusiak zeintzuk diren:

  • Mendi-magaletik datozen urak behar bezala kanalizatu eta batu, "izan ere, auzo guztian filtrazioak eragiten dituzte ur horiek".
  • Eskailerak kendu eta arrapalak jarri, irisgarritasuna hobetzeko
  • Doneztebe Portuko kalerako sarrera hobetu.
  • Agerre kalearen atzeko aldean espaloi bat jarri, "bizilagunek eskailera arriskutsu horiek igo beharrik ez izateko".
  • Espaloiak eta farolak hobetu.
  • Ikastola ondoko aparkalekua hobetu. "Halaber, aparkaleku gehiago behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak