Panderoari merezi duen tokia emango dio beste behin Arrasate Trikitixa Eskolak, "gure artean garrantzi handiko musika-tresna baita, ahaztu gabe lehengo erromerietan panderoari bakarrik eragiten ziotela, bai hemen, bai Galizian, bai Espainiako zenbait tokitan". Aurtengo kartelean joan den irailean zendutako Landakanda panderojolea omendu nahi izan dute, eta maila handiko gonbidatuen izenak ageri dira.
Bost talde, hiruna kantu
Trikitiaren munduan aski ezagunak baitira, besteak beste, Imanol, Motriku eta Leturia. Hirukotea taldean elkartzea "lorpen handia" ei da antolatzaileentzat, kontuan hartuta Kepa Junkera, Martin Aginalde edo Joseba Tapiarekin aritu izan direla.
Galiziako ordezkariak izango dira Faltriqueira izenekoak. 20 urteren ostean berriz batuta, tradizionaltasunetik, panderoa jotzeko "beste modu bat" erakutsiko dute, eta Hauspo egunean ere egongo da euren doinuak entzuteko parada.
"Hanka-buru ikusgarriak" eskainiko dituzte, bestalde, Kimu Dantza Kolektiboko kideek. Duela urtebete aurkeztu zuten haien azken ikuskizuna: Gen Eroa.
Iparraldetik etorriko den Martineau bikoteak, berriz, alboka, soinua, panderoa perkusioa eta kantua uztartzen ditu konposatu berri dituzten kantuetan.
Azkenik, punta-puntako bi musikari igoko dira oholtzara: Laja II eta Lutxurdio. Erromeri ugaritan parte hartuak, jaialdiari "ukitu klasikoa" emango diote, ohiko fandangoak, arin-arinak eta kalejirak taularatuz.
Ekitaldi "dinamikoa" izango da, talde bakoitzak hiruna abesti joko baititu, elkarri erreleboa emanda. Maider Osa Etxeberriak aurkeztuko du saioa, Arrasate Trikitixa Eskolako ikasle ohi eta kazetaria.
Sarrerak, 10 euroan
Jaialdia antolatzeko ETB, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Ibai-arteren laguntza izan dute. ETB1ek Oholtzan saioan emitituko du emanaldia. Amaia antzokian zuzenean jarraitu nahi dutenek, sarrerak laster eskuratu ahalko dira arrasate.eus atarian; egunean bertan ere egongo da lehiatilan eskuratzeko aukera.