Ikram Bouzalmat: "Ez dut uste Eneritzek edo Ainhoak jasotzen duten tratu bera jasotzen dudanik"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 25a, 09:58

Arrasateko Aniztasun Astearen baitan, Ikram: Emakume bat, istorio bat, eredu bat ikus-entzunezkoa aurkeztu du Ekin Emakumeak elkarteak. Ikram Bouzalmat (Maroko, 1995) gazte migratzailearen bizipenetan oinarritutako lana da. Migrazio prozesua, "oso luzea" izateaz gain, "etengabeko ikasketa" izan dela dio emakumeen aldeko ekintzaile ere badenak.

Pertsona filantropo gisa dauka bere burua. "Asko maite ditut haurrak, natura eta animaliak, eta etengabeko ikasketa prozesuan dihardut gizakiak ulertzeko. Nire balioak lehenesten ditut, espiritualtasuna praktikatzen dut eta heriotza osteko bizitzan sinesten dut", gaineratu du.

Nolakoa izan da zure migrazio prozesua?

Oso bide luzea izan da, errusiar mendi bat bezalakoa, gorabehera handiekin. Emozio eta sentsazio berri asko izan ditut bide horretan. Azken hamar urte hauetan jende asko ezagutu dut eta prozesu aberasgarria da. Asko ikasi dut eta ausartzen naiz esatera erabateko aldaketa izan dudala nire pentsatzeko moduan, jokatzeko moduan eta gainontzekoak tratatzeko moduan. Etengabeko ikasketa da. Badu alde zail, ilun eta negatibo bat, zure familia, herrialdea faltan igartzen duzulako. Baina, bestalde, gizarteratuta sentitzen naiz, nahiz eta hitz hori ez dudan gustuko. Nahiago dut bizikidetzaz hitz egitea. Hala ere, bat gehiago sentitzeko bidean nago. Gauzak hautemateko modua aldatu egin da nigan. Lehen, erru guztia nire buruarengan jartzen nuen, pisu negatibo bat nuen nigan. Orain, berriz, ez diot horrenbeste buelta ematen.

Eskolaratze prozesuan baliabideak jartzearen garrantzia azpimarratu duzu.

Ikaslearen bigarren etxea ikastetxea da, denbora gehien pasatzen duen lekua eta bere inguruko pertsonak ezagutzen dituena. Hor garatzen du bere identitatea. Beraz, lur emankor bat izan behar dugu hor, ikasle hori ahalik eta osasuntsuen haz dadin, babestuta senti dadin, bere beharrak asebeteta daudela senti dezan.

Zure kasuan ez zen hala izan.

Ez. 16 urterekin hona iritsi nintzenean, arazo nagusia hizkuntzarena izan zen, eta ez nekien ze ikasgeletara bidali behar ninduten. Izan ere, hutsune handia dago sisteman zentzu horretan. Ez dago protokolo bat zehazteko zer egin behar den ikasle migratzaile bat datorrenean. Gauza horiek zehaztuta egon behar dira, haurraren behar psikologikoak zaindu behar dira. Nik horren falta handia nabaritu nuen. Ezin zaituzte behartu hizkuntza bat ikastera edo modu jakin batean jokatzera. Beraz, eskatu nahiko nuke protokolo bat ezarri dezaten hezkuntza sisteman, atzerritik datozen ikasleei behar bezalako hezkuntza eskaintzeko. 

Euskara ikasten ere ari zara.

Bai. Batxilergora iritsi nintzenean, ikasgaietako bat euskara zen eta gainditu beharra neukan. Nituen zailtasunak ikusita, ikasgaiarekiko salbuespena eskatzeko aholkatu zidaten, eta hori egin nuen. Beraz, ez nintzen euskara klaseetara joaten. Egia esan, damu naiz, euskara ikasteko aukera polita galdu nuelako bi urte horietan. Hori dela eta, hizkuntza ikasten ari naiz orain, pixkanaka bada ere.

Norbanako harremanean, tratu pertsonalean, jarri duzu arreta. Zergatik?

Pertsona bakoitza mundu bat da. Beraz, modu pertsonalizatuan tratatu behar da. Ezin ditugu aurreiritziak ekidin eta pertsona berri bat ikusten dugunean inpresio bat jasotzen dugu. Emakume musulmanok ez gara oharkabean pasatzen, zapi bat daramagulako buruan. Nazionalitate edo ideologia bera daukagun guztiok zaku berean sartzeko joera dago, eta hori gainditzea gurako nuke. Ezagutzen nautenean, zera esaten didate: Ez dirudizu marokoarra. Hausnartu egin behar dugu zergatik egiten ditugun halako baieztapenak.

Ze zailtasun ditu Europan emakume musulman izateak?

Europako emakume musulmanok ez gara ulertuak sentitzen, eta hor sortzen dira arazo guztiak. Sentitzen dugu gu alde batetik ari garela borrokan eta gizartea beste alde batetik. Marokoarrok, gainera, borroka bikoitza daukagu: Marokoko gizartearekikoa eta hemengo gizartearekikoa. Etengabeko borrokan ari gara. Esaterako, lana aurkitzeko arazo handiak ditugu. Nola da posible emakume argi bati, unibertsitateko ikasketa gorenak edukita, lanerako eskubidea ukatzea buruan hijaba edo zapia eramate hutsagatik? Arlo horretan, lan handia dago egiteko oraindik, gazteei benetako berdintasuna eskaintzeko. Ez dut uste Eneritzek edo Ainhoak jasotzen duten tratu bera jasotzen dudanik. Aldea handia da oraindik eta bizikidetza berdinzale bat erraztu beharko luke gizarteak.

Gazte etorkinen bizipenak

Ekin Emakumeak elkarteko kide Jasone Giraldok nabarmendu duenez, asko hitz egiten da migrazio prozesuez, baina "pertsona helduen ikuspuntutik" egiten da hori. "Gure inguruan ditugun haurrek eta gazteek ere bizi izan dituzte prozesu horiek eta ez dute izan inongo erabakimenik bide horretan. Oro har, haien bizipenak oso ezberdinak dira haien gurasoenekiko eta ez ditugu kontuan hartzen. Hori dela eta, bizipen horiek bistaratu eta hausnarketarako hari bat zabaldu gura izan dugu", azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak