Aniztasun mota guztiak ikusarazteko egitaraua aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 11a, 14:38

Maiatzaren 17tik ekainaren 8ra, askotariko ekintzak egongo dira Arrasaten, aniztasun mota guztiak ikusarazteko helburuarekin. Gurutze Gorria, SOS Arrazakeria, IMME, AMS, EKIN, Txatxilipurdi, Morbor, Sexologia Zerbitzua, Amerika Elkartea, Goyeneche Fundazioa eta Arrasateko Udala dira egitarauaren antolatzaileak.

Azken urteetan, aniztasun kulturala izan dute oinarri Aniztasunaren Astean eta horren baitan antolatu izan dute egitaraua. Aurten, hala ere, begirada zabaldu eta beste aniztasun mota batzuk ere landuko dituzte, hala nola, genero aniztasuna, aniztasun sexuala edota aniztasun funtzionala. "Udalarentzat garrantzitsua da aniztasun hori erakustea, azken batean, hori baita gure errealitatea", azaldu du Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak.

Nabarmendu du "erronka komunitarioa" dela, eta era kolektiboan jokatu behar duela gizarteak. "Guztiok gara arduradunak eta inportantea da halako ekintzak bultzatzea eta babestea. Onena da modu kolektiboan egin dugula, bakoitzak bere ikuspuntutik eta bere ekarpenetik, eta hori guretzat opari bat da".

Tamara Perez Arrasateko Udaleko Aniztasun teknikariaren ustez, halaber, garrantzitsua da erakustea Arrasaten badaudela aniztasunaren gaia jorratzen duten elkarte, erakunde edota taldeak. "Aurten guztiak gonbidatu gura izan ditugu, haien ikuspuntuak partekatu eta haien ekarpenak jasotzeko. Egitarau hau osatzerakoan, ikusi dugu garrantzitsua dela elkarlanean aritzea, helburu berarekin egiten dugulako lan. Hau da, berdintasuna errealitate bat izatea gura dugu eta aukera berdinak izatea pertsona guztiek". 

Askotariko ekintzak, 17an hasita

Egitarauari dagokionez, maiatzaren 17an abiatuko da. Egun horretan, Arrasateko Udaleko Sexologia zerbitzuak Sexualitateaz gehiago ikasi beste kulturak entzunez solasaldia emango du Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 18:00etan.

Maiatzaren 19an, 18:00etan, leku berean, Goyeneche fundazioko kideek La tortuga Marian ipuina kontatuko dute, Down sindromeari buruzko ipuina. "Aurten, proposamen berri moduan, ipuinak kontatzera aurkeztu gara. Oso ekintza polita da, izan ere, hitz egiten dugu aniztasunetik berdintasunera joatea gura dugula eta daukagun aniztasun guztia ezagutu behar dugu, ikusteko ze zoragarria den", azaldu du Elena Zaratek, Goyeneche fundazioko Arrasateko arduradunak. Gainera, zeinu hizkuntzan ere egingo dute kontaketa Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federaziokoek.

Maiatzaren 20an, murala margotuko dute Udala plazan, (Ikerreko biribilgunea). Aurrez, gaztetxokoetako gazteekin batera, aniztasunaren eta elkarbizitzaren inguruko hausnarketa egingo dute eta hausnarketa horretatik irtengo da murala. Joana Mancisidor izango da muralgilea, margotzera animatzen diren gazteekin batera. 18:00etan, elkarbizitza eta aniztasunaren aldeko elkarretaratzea egingo dute.

Maiatzaren 21ean, Kulturaniztasunaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan, Sebero Altube plazan, poesia errezitaldia, musika eta folklore latinoaren ikuskizuna izango da eta pintxo latinoen dastaketa eskainiko du Amerika Elkarteak.

Hilaren 23an, 18:30ean, Ekin Emakumeak elkarteak grabatutako dokumentala eskainiko dute Kulturaten: IKRAM: Emakume bat, istorio bat, eredu bat.

Maiatzaren 24an, 18:00etan, Gazte migratzaileen integrazioa hitzaldia eskainiko du Arkaitz Fullaondok, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia kideak, Kulturaten.

Azkenik, ekainaren 8an, 18:00etan El tren de la memoria zine foruma egongo da Kulturaten, Gurutze Gorriaren eskutik.

Parte hartzeko deia

Garapen Komunitarioko zinegotziak eragile guztiei eskerrak eman die "egiten duten lan guztiagatik" eta prentsa agerraldia aprobetxatu du arrasatear guztiak ekintzetara gonbidatzeko. "Askotariko ekintzak egongo dira, ezagutzeko, informatzeko eta abar. Aukera berdintasunera joatea da inportanteena eta bide horretan aurrera egin gura dugu", gaineratu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak