"Adinean aurrera joan ahala, gainbehera batzuk badaude, baina baita gain gora batzuk ere. Badira urteek ematen dizkiguten abantaila batzuk ere, esaterako, geroz eta nagusiagoak izan, orduan eta hiztegi zabalagoa daukagu", dio Arantzetak.
Hala ere, zahartzen goazen heinean, beste gaitasun mental batzuek gainbehera egiten dutela ere azaldu du. "Gauzak ahazteko aukera handiagoak ditugu, memoria huts egiten hasten delako, edota solasaldi baten ildoa mantentzea gehiago kostatzen zaigu, arretari eustea zailagoa bihurtzen delako".
Hizkuntza, adinarekiko erresistenteagoa izan arren, ez da salbuespena. "Saioan aipatu ditugu nolako zailtasunak ditugun hiztegi sarbidean, nahi dugun hitza hiztegian aurkitu eta mingainera ekartzeko. Geroz eta ohikoagoa da jendeak esatea, urteak bete ahala, geroz eta zailtasun handiagoak dituela nahi dituen hitzak eta izenak aurkitzeko".
Aldaketa hauek zahartze osasuntsuan parte diren arren, neuro-degenerazioari loturiko dementzien markagailu goiztiarrak ere izan daitezke, hau da, hizkuntz ariketa zehatz batzuetan ditugun trebetasunak gaixotasun latente baten adierazle izan daitezke, eta hori jakitea inportantea dela dio hizkuntzalariak.
Elebidun izateak, Arantzetaren esanetan, dakar hizkuntza bat erabiltzean, bestea isilpean mantentzea eta isilpean mantentze horrek indar inhibitzailea areagotzen du. "Bizi guztian edo urte luzez elebidun izatean, oso iaioak bihurtzen gara informazioa saihesten, eta ebidentzia zientifikoak erakusten digu inhibitzeko gaitasun hori hain indartuta izanik, onura mental batzuk ekartzen dizkigula". Onura horiek ez dira, ezinbestean, hizkuntzaren prozesamenduan ematen, baizik eta osasun kognitiboan, oro har, eta horien bueltakoak ikertzen ari da hizkuntzalaria.