Ane Zuazubiskar: "Gozatzeko plaza ona, baina sufritzeko ere bai"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko api. 29a, 12:56

Ane Zuazubiskar, Osinalde sariketako garaikurrarekin.

50 urte bete dituen Osinalde sariketa "estimatuko" garaikur nagusia irabazi zuen zapatuan Arrasatekoak; Gabiriako Osinalde elkarte gastronomikoan jokatu zuten.

Gazteendako sariketa da Osinalde, eta, han kantatzeko, aurretik bi kanporaketa egiten dituzte. Ordizian lortu zuen txartela Ane Zuazubiskarrek. Hirugarrenen aldia zuen Gabirian, aurrekoetan bigarren geratu zen, eta etxean du orain urteurren borobileko garaikurra.

Saria eskuetan, pozik?

Elegantea da; pisua du, gainera, eta ez sinbolikoa bakarrik. Gabiriako zeramika taldekoek egiten dituzte urtero garaikurrak.Laiaren itxura hartzen diot nik honi, ederra da!

Hirugarrenean bai!

Final oso ona joan zen, bertsotan oso ondo egiten duten bertso-kideak nituen alboan; saioaren erdialdera, denok komentatzen genuen ez zegoela irabazle garbirik. Egia da, baina, aurreko astean asko kostatu zitzaidala nik banuela irabazteko gogoa kudeatzea, genero ardatza sartzen dela hor uste dut; izan ere, banuen irabazteko gogoa, baina uste dut oraindik zaila dela hasierako agurrean emakume batek haginka egitera nator, irabaztera nator eta halako esaldiak kantatzen entzutea.

Zer dauka Gabiriako sariketak bertsolariendako eta zaleentzako hain gozoa izateko?

50 urtean egitea lortu badute, gauzak ondo egiten dituztelako da. Belaunaldiz belaunaldi pasatu da antolatzeko ardura; zapatuan, esaterako, gazte asko zeuden askotariko lanetan. Auzolanean egindako sariketa bat dela igartzen da. Giro oso ona egoten da. Mikro barik kantatzen da, garai baten moduan, eta horrek publikoari adi-adi egoteko eskatzen dio. Bertsoa asko errespetatzen den plaza da, nire ustez, eta, beti esaten dugun moduan, gozatzeko plaza ona da, baina sufritzeko ere bai, ez da-eta plaza erraza. Publikoan dauden gehienak goierritarrak dira, eta ez da broma lehenengo ilaran dauden Imanol Lazkanoren, Laxaro Azkuneren eta Iñaki Muruaren aurrean kantatzea, errespetua ematen du

Giro tradizionala; ze pisu du horrek emakume bertsolari batendako?

Niretzako plaza oso atsegina da, elkarte eta baserri giro hori ez da espazio arrotza niretzako, baina ulertzen dut beste batzuentzako izan daitekeela. Publikoan emakumeen eta gizonen arteko oreka hori ikustera ohitu gara saioetan, eta, ezer esanik ez, txapelketatan, baina Osinalden ez da oraindik horrela, eta lehenengo urtean inpresioa egin zidan.

Kasualitatea da sei bertsolaritik hiru Debagoienekoak izatea?

Ezin da ukatu eskoletan egiten den lana, baina Oñati eta Aramaio aparteko kasuak dira, herri oso bertsozaleak dira Debagoieneko beste herriekin alderatuz. Eskualdeko bertsogintza txanpinoien moduan gertatzen den zerbait dela diogu askotan, eta gure adin bueltan bagaude batzuk; besteak beste, finalean alboan izan nituen Oihana Arana eskoriatzarra eta Aitor Tatiegi oñatiarra.

Gustatu zitzaizkizun gaiak?

Oso gustura kantatu nuen guztietan. Zortziko handian, Aitorrekin, ama-alaba paperetik kantatu genuen; alaba parrandan doanean amak zelako beldurra pasatzen duen askotan eta halakoak kontatzen. Oso gozo ibili ginen eta oso ondo kantatu genuela esango nuke. Zortziko txikian, familia bazkari batean elkartu diren bi senideren paperean. Hamarreko txikian, 40 urtez ezkonduta egon eta bikote truke batera doan bikote bilakatuta, ederto pasatu nuen Unai Izagirrerekin kantatzen. Eta bakarkako saioan, bidea hitzaren bueltan izan zen ariketa bat eta 50. urteurrenarekin lotuta beste bat, 1971ko sariketako irabazle Patxi Iraolaren paperean.

Zaila da ulertzea, gaiak jakin barik, zenbateraino ahal duzuen saioa aurretik prestatu.

Saioan kokatzeko unerik onena tokira heltzen zarenean da, eserita non egongo garen eta ze jende dagoen ikustean. Eta gainontzeko lanketarako, bada, beti esaten den moduan, irakurri, albisteak jarraitu, lagunekin berba egin... Euskadi Irratian egiten dut lan eta beti esaten dut zorte handia dudala albistegietan lan egiten dudalako, burua martxan izateko eta biltegia betetzeko aukera ematen dit eta. Bakoitzaren maniak ere hor daude gero; esaterako, nik ohitura dut saioa den herriko edo eskualdeko tokiko komunikabideetan begiratzeko. Saiatzen gara tokiko albisteen berri izaten, plazari eta publikoari zor diogun errespetuagatik.

Iaz abiatutako Señora sariketaren bigarren aldiaren aurkezpena izango da bihar. Gogotsu?

Bai, horixe! Bertso bazkaria egingo da Arrazolan (Bizkaian) bihar, eta maiatzaren 14an eta 21ean eta ekainaren 4an izango dira saioak. Debagoienean ez da egingo saiorik, iaz heldu ez ginen lekuetara heltzeko asmoz.

 "Kultura gaietan bertsoek merezi duten tokia egitea da hedabideok dugun erronka"

Kazetaria zarenetik, hedabideok bertso kontuei nahikoa toki egiten diegula uste duzu?

Sariketen eta txapelketa nagusien jarraipen oso txukuna egiten dela uste dut, baina, orokorrean, bertsogintzak kultura gaietan merezi duen tokia nola egin asmatzea da dugun erronka. Hausnarketa oso interesgarriak egiten ari den jende asko dago, eta badago oraindik esploratu beharreko lur bat.

Hezkuntza arloan, zer diozu?

Orokorrean, ez gara konturatzen nolako lana egiten den hezkuntza arautuko proiektuan, Bertsozale Elkartearen irismen handiena duen proiektua da eta.

 

 

 

 

Erlazionatuak

Osinalde sariketako irabazlea, Arrasate Irratian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022 api 25 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak