Bertako basogintzaren inguruko hitzaldia egingo da hilaren 26an

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 25a, 10:02

Besaide mendizale elkarteak, Naturzaindiak eta Errez kooperatibak Arrasateko baso ekosistemez eta basogintzaz jarduteko egitaraua prestatu dute datorren martitzenerako. Kulturateko areto nagusian izango da 18:30ean.

Hiru galdera nagusiri erantzuteko solasaldia egingo da apirilaren 26an Kulturaten: nola daude herriko basoak? Zein da joera? Zer egin daiteke?  Horretarako, –batez ere, azken galderari erantzuteko– eragile publiko nahiz pribatuak gonbidatu dituzte.

Alde batetik, Iñaki Aizpuru Naturtzaindiako kide eta Itsasondoko alkatea izango da bertan, erakunde publikoetatik landu daitezkeen bideak aurkezteko.

Bestetik, Bergarako Kukubaso Elkarteak urte beteko ibilbidean izandako "zailtasun" eta "lorpenen" berri emango du. "Elkarte honek baso sailak eskuratu eta baso ekosistemak hobetzeko lanak egiten ditu Bergaran, eta Baso Biziak plataformako kide ere bada", azaldu dute antolatzaileek.

Bukatzeko, Errez Kooperatiba Elkarte Txikiko kideek azken urteetan lantzen ari diren Tantai Baso Jabe Kooperatiba aurkeztuko dute Kulturaten. "Zura eta zuntza bezalako lehengaiak bestelako basogintza baten bitartez ekoizteko sistemak aztertzen dituzte, besteak beste", aurreratu dute.

Interbentzioen ostean, hizlarien eta bertaratutakoen artean hitz egiteko aukera izango da, mahai-inguru formatuan.

Kezka, ingurura begiratuta

Jardunaldiaren antolatzaileek azaldu dute Arrasateko azaleraren %64a dagoela zuhaiztua, eta bi heren basogintza industrialera bideratutako landaketak direla. "Moztu ez diren Intsinis pinuz landatutako 1.000 hektareatik gora geratzen dira; gehienak azken mozketatik hurbil. Gainera, eremu zuhaiztuaren %61a pribatua da eta kasu askotan bestelako aukerarik ez ezagutzeak eredu berdinarekin jarraitzera bideratzen ditu jabeak", diote.

Industrializazio eta globalizazio prozesuetan jarri dute begirada: "Azken urteetako gertaerek oso agerian utzi dute prozesu honek sortutako ziurgabetasuna. Aniztasun gutxiko beste ekosistema batzuen antzera, konifero exotikoen landaketek klima, gaitz, izurrite eta merkatuen enbatak jipoitu ditu. Ondorioak begi bistan ditugu: arraseko mozketak non nahi, pinudi gaixoak, eta inongo bermerik gabe landatutako eukalipto eta konifero exotikoen landaketa gazteak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak