Eguaztenean eta eguenean, Debagoieneko ikasleak, gurasoak eta Lanbide Heziketako profesionalak batu ditu Goiaz! azokak. Pandemiaren aurreko formatua berreskuratuta –baina oraingoan, Garaia Parke Tek- nologikoan, estreinakoz–, aurrez aurre hitz egiteko aukera izan zuten bertaratutakoek, etorkizuneko aukerei begira jarrita.
Parte-hartze handia izan duela azaldu dute antolatzaileek, eta pozik agertu dira aurtengo edizioarekin. Debagoieneko Mankomunitateko Amaia Irizarren arabera, "garrantzitsua" izan da aurrez aurreko eredura itzultzea: "Ikastetxeek etortzeko gogo handia zuten. Ikasleen aldetik interes handia ikusi dugu eta guraso asko ere etorri dira informazio eske". Irizarrekin bat egin dute Arizmendi Ikastolako Aitor Guridik eta Aretxabaleta Lanbide Eskolako Erik Linazisorok ere. "Eskertu dugu mugimendu apur bat, bi urteren ostean", esan du Guridik. Eta ildo beretik jo du Linazisorok ere: "Beharra zegoen aurrez aurrekora itzultzeko. Mezu elektronikoak eta bisita birtualak egin ditugu azken bi urteetan, baina egia da hau beste kontu bat dela".
Aukera, geroz eta zabalagoa
Azokaren helburu nagusia eskualdeko formazio-eskaintza –eta, bereziki, Lanbide Heziketa– ezagutaraztea da, eta, horretarako, bertako zazpi ikastetxek jarri dituzte informazio-guneak aurten. Guztien eskaintzak batuta, 25 ziklo ikasteko aukera dago bailaran. Honako alor hauetan daude banatuta ikasketak: administrazioa eta kudeaketa; elektrizitatea eta elektronika; instalatze eta mantentze lanak; informazioa eta komunikazioa; fabrikazio mekanikoa; garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak; osasungintza; kultura zerbitzuak; eta jarduera fisikoak eta kirola.
Eremu txikia izateko "eskaintza zabala" dagoela azpimarratu du Linazisorok, eta Irizarrek gaineratu du urtetik urtera zentroek ahalegina egiten dutela ziklo berriak eskaintzeko.
Estigmak gainditu nahian
Urtetik urtera eskaintza berrituz eta egokituz joan arren, profesionalek azaldu dute oraindik badirela aurreiritziak Lanbide Heziketaren inguruan. "Gaur egun ere sumatzen dugu zikloak gutxiesteko joera dagoela; bigarren aukera moduan ikusten da Lanbide Heziketa", dio Guridik. Bestetik, gehitu du hori ez dela horrela beste herrialde batzuei erreparatuz gero: "Alemanian, Ingeniaritza ikasi nahi dutenei Lanbide Heziketaren bidea hautatzeko gomendatzen zaie".
Linazisorok ere uste du "aurrerapausoak" egiten ari dela gizartea, alde horretatik, baina onartu du "kosta egiten dela" estigma gainditzea. "Lanbide Heziketa ez da ikasi nahi ez duenarentzako bidea. Horren adibide da ikasle batzuk unibertsitatera joaten direla zikloa egin ostean", zehaztu du.
Ikasteko beste modu bat
Debagoienaren ezaugarrietako bat industria ugari izatea da, baina zerbitzuen alorrean ere ez da atzean geratu, Arizmendiko Guridiren ustez: "Lan egiteko aukera asko dago hemen, eta norberak nahi duen hori lortzeko bidea irekitzen du Lanbide Heziketak".
Horri lotuta, Irizarrek nabarmendu du zikloen eta enpresen arteko lotura "oso estua" dela. Bukatzeko, Linazisorok azaldu du ikasi eta lan egiteko "beste modu bat" eskaintzen duela Lanbide Heziketak: "Oso praktikoa da, eta irakasleen eta ikasleen arteko harremanak hurbilak dira. Gainera, taldeak ere bereziak dira, adin guztietako ikasleak elkartzen baitira eskoletan". Azoka amaitu den arren, zentroek jakinarazi dute ate irekiak egingo dituztela interesa dutenentzat eta webguneetan ere eskuragarri dagoela informazioa.