Arrasate euskaldun, parekide eta plurala ehuntzen

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 5a, 13:09

Ekin Emakumeaken jardun eta nahiak irudikatzen dituen horma-irudia, elkartearen egoitza alboan. (Argazkia: Ekin Emakumeak)

Euskara, emakumeak eta aniztasuna ditu izatearen arrazoi eta bide-orri Ekin Emakumeak elkarte arrasatearrak. 27 urte bete berri ditu eskubide eta aukera berdintasunaren alde lanean; hizkuntza, elkar ezagutza eta errealitatearen aitortza oinarri hartuta, Arrasaten "bizikidetza positiboa" eraikitzeko eragiten.

Esperientzian oinarritutako eraldaketa prozesuaz hausnartzen dute atzera begiratzean, eta handinahirik gabe begiratzen diete etorkizuneko erronkei.

Euskara

"Enbor beretik sortuak gara". Eta hala da. 1995ean Arrasate Euskaldun Dezagun-en enborretik sortutako adaxka baita Ekin; baita, urte batzuk geroago, Goiena Komunikazio Taldea ere. Goienakide izanez "hedabideak bultzatzea eta indartzea", beraz, elkartearen "beharretako" bat da: "Euskararen biziberritze prozesuak gure arteko sinbiosia ezinbestekoa du".

Babes ekintza eta erabakietatik harago, baina, euskaratik eta euskaraz irudikatzen dute gizartea. Eta erdigunean jartzeko hautu irmoa egin dute.

Emakumeak

"Emakumeok aisialdiaz euskaraz gozatzeko espazioak sortzeko ekin genion gure jardunari". Baina denborak eta gizarteko aldaketek "ikusmirak zabaltzera" eta espazio zein egoera berrietara egokitzeko hautua egitera bultzatu zuten Ekin. Emakume eta euskara elkartea, herriko bizikidetzan eragiten.

Aniztasuna

"Euskara batzen gaituen elementu gisa erdigunean jarriz, elkar ezagutzan, herritarren aktibazioan eta elkarren aitortzan begirada jartzen saiatzen gara". Elkarlanetik, eta errealitate kultur anitz zein eleanitzaren aitortzatik abiatuta, herriko emakumeen arteko sareak ehuntzea baita elkartearen asmo nagusia.

Euskara inklusiorako bidea dela sinetsita antolatzen dituzte Emakumeon* jabekuntzarako tailer eta ikastaroak, harrera protokolo eta zerbitzuak, Auzoko programa, Emetruke tailerrak edota Mundutik Arrasatera, Arrasatetik mundura ipuin kontaketak.

Hala, elkarlanerako espazio, ezagutzarako plaza eta eragiletzarako bide da Ekin: "Hizkuntza errealitate anitz honetan, euskarak irabaziko du baldin eta kohesio eta komunikazio hizkuntza nagusia izatea lortzen badugu". Horretan dihardute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak