Otaduyk argitu du bere helburua ez dela kaleen izenak "diskriminazio gabe" aldatzen hastea. "Xedea da auzotar kopuru txikienari eragiten dioten kaleen izenak edo oraindik nomenklaturarik ez duten kokaleku berriak aldatzea". Era berean, "sen ona" giltzarritzat jotzen du, eta azaldu du gura duela "ahalik eta arrasatear gutxien izatea" haien bizileku datuak aldatu behar dituztenak.
"Harrotasunez esan daiteke Arrasateko historian hainbat eta hainbat emakume garrantzitsu daudela, hemen jaiotakoak izan ala ez: filantropoak, enpresaburuak, fundatzaileak, hiri-sustatzaileak, kirolariak, artistak eta, 2007tik, alkateak", azaldu du Sanchezek, eta gaineratu du Berdintasun sailak bere egin nahi dituela Otaduyk planteatutako proposamenak: "Alde batetik, Otalora Lizentziatuaren eta Azoka kaleen arteko bidegurutzean eraiki zuen San Frantziskoko komentu ikastetxearen iparraldeko aldeari Maria Asencio Garibay Lorategia deitzea, Arrasateko lehen ikastetxe horren sortzailea izan baitzen. Bestetik, Biteri Eskoletan dagoen plaza Celina Wood & Bland plaza izatera pasatzea, bere senarraren izena, Pedro de Viteri, ordezkatuz, bere izenak jada beste espazio publiko bat izendatzen baitu".
Berdintasun zinegotziak esan du garrantzitsua dela emakumeen izenek presentzia handiagoa izatea Arrasateko kale-izendegian, "gure udalerria justuagoa izan dadin". Halaber, nabarmendu du emakumeek urteak daramatzatela gizarteko esparru guztietan baztertuta. "Horregatik, Berdintasun saila proiektu honetan ilusioz konprometituta dago, Arrasateko kale-izendegiak erabat gizonezkoena izateari utz diezaion. Horrela, emakumeei ikusgarritasuna ematen diegu eta udalerri honek emakumeekin duen konpondu gabeko gai bati heltzen saiatzen gara. Azken batean, Arrasateren feminizazioa sustatzen dugu".