Euskalduntzean eta alfabetatzean egiten dute lan AEK-ko euskaltegietan. Bailaran, Arrasaten dute egoitza; baina euren lana beste herri batzuetara ere zabaltzen da. Aramaion, Elgetan eta Antzuolan dituzte taldeak, eta baita hainbat enpresatan ere.
Orain dela hiru ikasturte, egoitza berrira lekualdatu ziren, Arrasateko Iturriotz kalera, hain zuzen. 2021-2022 ikasturte honetan, 25 euskara talde dituzte. "Euskaltegian hamar talde ditugu; gainontzekoak, enpresetan, Aramaion, Elgetan eta Antzuolan. Horrez gain, autoikaskuntzako ikasleak ere baditugu", azaldu du Arrasateko AEK-ko zuzendari Oskar Elizburuk.
Zortzi irakasle ditu AEK-k aurtengo ikasturtean.
Denetariko arrazoiak
Nolako ikasleak dituzten galdetuta, profil askotarikoak dituztela nabarmendu du Elizburuk: "Euskaldun zaharrak direnak, baina erdi alfabetatuak, mintza praktika egin nahi dutenak, etorkinak, 60 urtetik gorako asko ditugu, gazteak, C1 edo C2 agiriak lortu nahi dituztenak...". Gainera, autoikaskuntzako ikasleak ere badituzte: "Gainerako taldeetan ezin direnak uztartu dira: horiei etxerako lanak bidaltzen zaizkie eta hamabostean behin tutoretzak izaten dituzte zalantzak argitzeko. Gainera, mintza saioak egiten dituzte astean behin".
Ikasle kopurua azken sei urteetan 200 eta 250 artekoa izan dela dio Elizburuk. Hala ere, azkeneko bi urteetan, pandemiaren ondorioz, kopurua zerbait jaitsi dela dio: "Talde txikiagoak egin behar izan ditugu, leku fisikoagatik".
Ikasgelatik kanpoko ekintzak
AEKn, euskara ez da ikasgeletara mugatzen. Euskaltegien arteko elkarlana dago erabilerari begira; hala, AEDk antolatzen duen Zahar Berri egitasmoan parte hartzen dute AEK-ko ikasleek; eta irteerak, hitzaldiak, ikastaroak... jasotzen dituzte. Irteera horiek hilean behin egiten dituzte.
Korrikaren marka
Korrikak eta halako ekimenek ilusioa ekartzen dutela azaldu du Elizburuk: "Euskararen aldeko normalizazioan parte garelako". Ilusio horren atzean lan handia dagoela ere nabarmendu du: "Euskaltegiko lanarekin uztartu behar dugu Korrikaren antolakuntza. Ordu militante dezente sartu behar izaten ditugu; hala ere, eskerrak herritarrek pila bat laguntzen duten".
Euskararen normalizazioari begira egiten den ekimena dela dio, eta, aldi berean, normalizazio horretan AEKren marka dela dio Elizburuk. Gainera, Korrikak uzten duen diru-sarrera oso garrantzitsua izaten da erakundearendako.