Debagoiendarrei Pirinioak argiztatzeko deia egin die Gure Eskuk

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 22a, 20:24

Pirinioetako Bidea ekimena aurkeztu du Gure Eskuk Arrasaten, Kulturateko areto nagusian. Uztailaren 2an, euskaldunek eta kataluniarrek elkarlanean, 300 gailur baino gehiago argiztatzea da ekimenaren erronka. Debagoiendarrek egingo dituzten tontorrak Argintzu, Buztanzelai, Iduzkimendi eta Artzamendi dira.

Amalur Alvarez bozeramaileak eman ditu xehetasunak, eta nabarmendu du helburua izango dela nazioarteko komunitateari mezu argi bat bidaltzea. "Ez da euskal edo kataluniar gatazka, baizik eta gure erabakia eta bide demokratikoak blokeatzen dituzten estatuek dute arazoa. Mezu hori nazioarteari elkarrekin transmititzea oso garrantzitsua da aurrerapausoak eman ahal izateko. Hori da helburu nagusietako bat".

Euskal herritarrek 115 gailur argiztatuko dituzte. Gailur horiek eskualdeka banatu dituzte eta Debagoienari ere hainbat gailur dagozkio. Aramaioarrek, esaterako, Argintzu igoko dute; antzuolarrek, Buztanzelai; arrasatearrek, aretxabletarrek, eskoriatzarrek eta gatzagarrek, Iduzkimendi eta bergararrek, elgetarrek eta oñatiarrek, Artzamendi. Izena emateko, hemen.

Pirinioak argiztatzearekin batera, etorkizun politikoa erabaki ahal izatea da Gure Eskuren zortzimilakoa eta, horretarako, burujabetza prozesu propioa eraiki gura dute. "Ez kanpora begira bakarrik. Euskal Herrira begira ere baditu helburuak mobilizazio honek. Hain zuzen, berriro ere indarrak batu eta konpromisoak biltzea, Euskal Herrian etorriko diren urratsetarako eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herri gogo hori berreskuratzeko".

Gure Eskuren bozeramaileak onartu du pandemiak kaltetu egin duela aurrez eraikitako oinarri sendoa eta azken bi urteetako egoera sozialak ez duela lagundu erabakitzeko eskubidearen aktibazioan. Edozelan ere, berriro martxa hartzen ari direla dio, eta herri gogoa aktibatzen ari dela berriro."Hau oso ikasturte interesgarria da Euskal Herriarentzat. Berriz datoz ekimen masiboak, Korrika ere bertan daukagu, eta horrek asko lagunduko digu herri pultsua eta herri gogoa berreskuratzen".

Kamisetak, salgai

Kamisetak ere jarri dituzte salgai, 15 eurotan. Edozelan ere, eskari bidez erosi ahalko dira soilik, ezingo dira jarriko dituzten postuetan erosi.

Aurkezpenaren ondoren atera duten argazkia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak