San Balerioko estela "ahalik eta lasterren" berreskuratzeko moduan egon daiteke Aldundia

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 14a, 15:48

San Balerio ermitako hilarrian aurkitutako inskripzioa. (Argazkia: Espainiako Arkeologia Artxiboa).

Urtarril hasieran, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPren bozeramaile Juan Carlos Canok eskaera egin zion Aldundiari, Meatzerrekako San Balerio ermitari dagokion botozko estela edo hilarri erromatarra Arrasatera ekar dezaten exijitzeko. Aldundiak zera erantzun du: "Badirudi kudeaketak bide onetik doazela, eta pieza ahalik eta lasterren berreskuratu daitekeela".

Harkaitz Millan Kultura Departamentuko foru diputatuarenak dira berba horiek. Haren esanetan, hainbat saiakera egin ostean, duela hilabete batzuk, Irungo Oiasso museoko arduradunek "egokitzat" jo zuten erakusketa iraunkor bat zabaltzea, Gipuzkoako bilduma epigrafikoa bilduz errepliken bidez.

Ekimen hori Foru Aldundian ere kontsultatu zela adierazi du eta, hori dela eta, Millanen esanetan, berriz ere kudeaketa lanak hasi zituzten Segobrigako eta Cuencako museoekin. "Baina, oraingo honetan, Cuencako museoko zuzendariak, Concepción Rodríguez Ruzak, formalki eskatu zion Arkeologia Museo Nazionalari egiteko Segobrigan gordailututako Arrasateko Dialcoren inskripzioa lekualdatzeko izapidea. Jakinarazi digutenez, Arkeologia Museo Nazionalak aldeko erantzuna eman zuen otsailaren 14an", nabarmendu du Kultura diputatuak. Edozelan ere, ez dute zehaztu estela nora eramango luketen.

2010etik, hainbat gorabehera

2010ean, Juan Manuel Abascal Antzinaroan katedratikoak aldizkari batean argitaratu zuen Meatzerrekako San Balerio ermitari dagokion botozko estelaren jatorria. "Berehala, Oiasso museoak Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuen, pieza berreskuratzeko izapideak egitea komeni zela adieraziz. Aldez aurretik, Rosario Cebriáni, Segrobigako Arkeologia Parkeko zuzendariari egin zioten kontsulta, eta pieza itzultzearen alde agertu zen", dio Millanek.

Diputatuak nabarmendu duenez, "berehala" hasi zituzten gestioak "baina, kontuan hartuta Segobrigako Parkea Cuencako museo probintzialaren filiala dela", museo probintzial horren aurrean egin behar izan zuten eskaera. "Garai hartan museoko zuzendaria zena, Arkeologia Museo Nazionalarekin harremanetan jarri zen eta hark, era berean, Historiaren Errege Akademiara bideratu zuen Oiasso Museoa, erakunde horretatik baitzetorren pieza".

Puntu horretan, azken erakunde horretako zuzendariak, Martín Almagro Gorbea jaunak, "pieza Segobrigara bidali zenean Arkeologia Museo Nazionaleko zuzendaria zenaren semeak", adierazi zuen eskaera ofiziala bidali behar zela, eta Oiasso museotik bidali zuten eskaera hori. "Eskaerari, ordea, ezezkoa eman zitzaion, eta, jakinarazi zenez, Historiaren Errege Akademiako zuzendariek hartu zuten erabakia".

Arrasate Zientzia Elkarteak ere erakutsi izan du hilarria Arrasatera itzultzeko borondatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak