Canok adierazi du Meatzerrekan aurkitutako hilarriko inskripzioa "Gipuzkoan aurkitutako eta erromatar garaiko inskripzio urrietatik interesgarriena" dela, "adituen esanetan". Hori dela eta, estela Arrasatera ekarri eta Kulturaten erakusgai jartzea gura dute Gipuzkoako popularrek, Gordailuaren bitartez berreskuratuta (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa).
Popularren bozeramaileak nabarmendu duenez, hilarri hori bertatik kendu eta lurperatu zuen Inkisizioak 1787an. "Gero 1800. urtean Jose Vargas Ponce akademikoak azaleratu zuen eta ondoren Madrilgo Real Academia de Historia zentrora eraman". Popularrek gaineratu dutenez, 1907ra arte Espainiako Museo Arkeologiko Nazionalean egon zen eta, ostean, "etiketa akats baten ondorioz", Segobrigako Museo Arkeologikora eraman zuten.
Segobrigako Museo Arkeologikoa prest azaldu da hilarria Gipuzkoara ekartzeko, baldin eta beste museo batera bideratzen badute, Donostiako San Telmo museora, esaterako. "Halere, Gordailua bezalako zentro bat izanda, Aldundiari eskatzen diogu hilarria berreskuratu dezala eta, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, Kulturaten erakusgai jarri". Canoren esanetan, "borondate politikoa" edukitzea nahikoa da horretarako.
Era berean, Arrasate Zientzia Elkarteak ere erakutsi izan du hilarria Arrasatera itzultzeko borondatea.