Zelan bizi izan zenuen Martxoaren 8a?
Eguna aldrebestuta hasi nuen, ontzi-garbigailua hautsi zitzaidan-eta goizean; ja, ja, ja! Noiz eta Martxoaren 8an, halako gauzak gertatzen zaizkit niri... Baina arratsaldean bakarrizketa saio bat izan nuen Urduñan eta ederto ibili nintzen. Gainera, gazteleraz egin nuen saioa eta niretako erronka izan zen. Egunari buelta eman genion!
Autoan harrapatu zaitugu;, beste bakarrizketa batera bidean, akaso?
Ez, ontzi-garbigailu bat erostera noa; ja, ja, ja!
Gaur Arrasaten egingo duzuen bakarrizketako edukia propio egokitu duzue?
Ez, esku artean daukadan bakarrizketa saioak emakumezkoen gainean egiten du-eta berba. Gero, saioaren nondik norakoak ikusita, posible da inprobisaziorako tartea ere egotea, joango gara ikusten.
Eta Bea Egizabalen eta Belen Nevadoren kasuan ere berdin, ala?
Aurreratu dezakedana da hirurok elkarrekin zerbait egingo dugula, baina, printzipioz, bakoitzak bere bakarrizketa egingo du. Baina bai, sorpresak ere egongo dira.
Zailagoa da barrea eragitea ikus-entzuleak sarrera ordaindu egin badu? [Gaurko saioa doanekoa izango da]
Ez dut uste ezberdintasunik dagoenik, umorea beti da berdina. Sarrera erosi edo ez, edo bakarrizketak barregura sortzen dizu edo ez. Alde horretatik, bakarrizketariak berdin-berdin prestatu behar du saioa, eta beti joan behar du onena ematera.
Martxoaren 8aren bueltan antolatutako saioa da gaurkoa. Umoretik errazagoa da aldarrikapena egitea?
Zalantza barik! Umoreak 1.500 aukera ezberdin ematen dizkigulako. Serio jartzen baldin bagara, eta gauzak zelan dauden ikusita, negargura sartzen zaigu, eta negarra eragitea oso gauza erraza da. Horregatik joan behar dugu erronka handiak gainditzera eta barrea eragitera; izan ere, umorea erabilita iristen gara beste inor iristeko kapaz ez den puntu horretara.
Eta gizonezkoek zelan joan behar dute bakarrizketa saio horretara?
Barre egiteko gertu! Nire bakarrizketan, bereziki, neure buruaz egiten dut barre, nire bizitzaren pasarteak kontatzen ditut, eta, alde horretatik, inor ez dadila arduratu. Mundu osoa dago saiora gonbidatuta!
Azkenaldian, geroago eta emakumezko gehiago ikusten ditugu oholtza gainean bakarrizketak egiten.
Bai, egia da; boom moduko bat gertatu da. Akaso, orain arte bakarrizketak egiten ibili direnei kasu gutxi egin diete, eta orain, plataforma gehiago dauden honetan, aukera gehiago daude.