'Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956' liburua berritu egin dute

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 10a, 11:12

‘Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956’ liburuaren aurkezpena, 2019an, Kulturateko areto nagusian.

Lanaren edizio berri bat egin dute Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Arrasateko Udalak, hainbat herritarren testigantza berriekin osatua. 534 biktima gehiagoren giza eskubideen urraketak jaso dituzte edizio berrituan. Modu horretan, liburuak 72 orrialde gehiago ditu, 96 argazki gehiago eta 34 dokumentu berri.

Duela hiru urte, 2019ko otsailean, aurkeztu zuten Memoria Partekatu Baterantz. Arrasate 1936-1956. Gerra, erresistentzia eta frankismoa liburua Arrasateko Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Orain, "herriaren historia berreskuratu, gertatutakoa ezagutarazi eta etorkizuneko belaunaldientzako beltza zuri gainean jartzeko helburuarekin", bigarren pauso bat eman dute, liburuaren edizio berri bat gauzatuz, herritar ugariren testigantza berriekin.

Lan horretan, besteak beste, udal artxiboetan, probintzietako eta militar artxiboetan eta egindako beste lanetan jasotako informazio "zehatzak eta zabalak" baliatu dituzte.

Hala, Arrasateko 534 biktima gehiagoren giza eskubideen urraketak jaso dituzte: 477 erresistente (92 preso, 32 gudari edo miliziano, erbestera ihesi joandakoak, ardura politikoa zuten 10 pertsona eta abar) eta 57 matxinatu. "Haien bizipen eta askotariko kontakizunei esker, urteetan pairaturiko indarkeriak Arrasaten izandako eragina jaso ahal izan da, bai eta herriko bizikidetzan izandako eragina ere". Liburuak 333 argazki eta 88 dokumentu ditu jasota. Bigarren edizioak, berriz, 72 orrialde ditu, 96 argazki eta 34 dokumentu berri.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Udalaren Bizikidetza Mahaiak zera azpimarratu dute "frankisten giza eskubideen urraketek eta ondorengo diktadurak" Arrasateko biztanle gehienei eragin zietela: "Desagertze behartuak, exekuzio sumarioak, torturak, espetxeratze arbitrarioak, soldadu joan beharra, lan behartuak, erbestera behartutako milaka pertsona, emakume irainduak eta estigmatizatuak, diskriminatuak, lanik gabeak, etxerik gabeak, ideia politikoekiko jazarpena, hitz egiteko eta batzeko askatasun eza, euskaraz hitz egiteko debekua eta abar".

Eman dituzten datuen arabera, Arrasaten, biztanleriaren %34k, hau da, 2.450 pertsonek (492 emakume), giza eskubideen askotariko urraketak jasan zituzten. "Beraien historia ezagutarazi eta aitortzea dugu helburu. Baita, aldi berean, gure iragana orainera ekartzea ere, memoria oinarri sendoen gainean eraiki dezagun", diote.

Liburua, orain, era digitalean dago eskuragarri www.arrasate.eus eta www.intxorta.org web atarietan.

2017an sortutako proiektua

2017ko irailean, Arrasateko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek osaturiko Memoria eta Bizikidetza mahaiak, udalerrian 1936-1956 garaian gertatutakoaren memoria lanketa egiteko enkargua egin zion Intxorta 1937 Kultur Elkarteari eta, esan moduan, bi urte beranduago aurkeztu zuten 'Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa' liburua.

Era horretan, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak hamarkadatan egindako lanketak, ikerketak eta bestelako liburuak ditu oinarri lan horrek. Liburuak abiapuntu historiko gisa hartzen du Primo de Riveraren diktadura eta monarkiaren amaiera eta errepublika ezarri zen garaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak