HEMEN DEBAGOIENA

Debagoienetik, Ukrainara begira

Uxue Igarza Loiola 2022ko mar. 4a, 09:30

Debagoienak eta Ukrainak badute nolabaiteko harremana; hemen bizi dira jatorri ukrainarreko hainbat lagun, eta harrera familietara ere etortzen dira hango haurrak. Egun zailak izaten ari dira guztientzat, eta laguntza emateko bideak irekitzen hasi dira.

Debagoienak lotura estua izan du gatazka armatuetatik eta gerretatik ihes egin duten errefuxiatuekin; Oñatiko Larraña etxea da horren adibide garbia. Testuinguru berri honetan ere, Zehar elkartea Ukrainako errefuxiatuak hartzeko prestatzen ari da eskualdeko harrera etxea. Larraña etxekoa, baina, ez da bailararen eta Ukrainaren arteko zubi bakarra. Debagoieneko harrera familia askotara etorri dira haur ukrainarrak, eta, horrez gain, eskualdean jatorri ukrainarreko hainbat lagun ere bizi dira. Hala, momentu honetan, bailaratik begirada ugari daude Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrara zuzenduta.

Martitzenean, Arrasateko plazan elkarretaratzea egin zen, hain zuzen ere, Ukrainari elkartasuna adierazteko. Bertan ezagutu zuten elkar Victoria Skotnytska-k eta Tania Sirosh-ek, Arrasaten bizi diren bi emakume ukrainarrek.

Familia han eta eurak hemen

Victoria Skotnytska duela bi hamarkada etorri zen Arrasatera, baina familiaren zati bat Ukrainan utzi zuen. Kontatu duenez, "ezin du sinetsi" bere herrian gertatzen ari dena, eta senitartekoengatik "oso arduratuta" dago: "Batzuk han geratuko dira, eta nire ama, arrebak eta ilobak –jende gehiagorekin batera– hona datoz. Poloniatik ari dira pixkanaka etortzen".

Tania Siroshek familia guztia du Ukrainan, eta beraiekin hitz egitea lortu du azken egunetan: "Harremanetan egoteak lo apur egiteko balio izan dit". Bielorrusiako mugaren eta Ukrainako hiriburuaren artean dagoen herri batekoa da, eta azaldu du "katramila guztia" bertatik igarotzen ari dela. "Dena suntsitzen ari dira. Nire ama ospitaleko aterpe batean dago babestuta, erizaina baita. Nire aita, berriz, frontean dago borrokan; erreserbista militarra da". Egoera "gordina" eta "bortitza" dela dio Siroshek: "Norbaitek babesle- kutik burua ateratzen badu tiro egingo diotela esan dute soldadu errusiarrek. Herriko jendea batu egin da, eta ahal dutena egiten dute; duela bi aste edozein txorakeriarengatik eztabaidatzen zutenak ere batuta daude orain, euren etxeak babesten".

Skotnytska eta Sirosh, elkarretaratzearen ostean, Ukrainako banderarekin.

Bestetik, Alexandr Karpukhin Debagoienean bizi den errusiarrarentzat ere ez dira egun errazak izaten ari: "Errusiako erregimen anker honen aurka nago, handinahi inperialen aurka, atzerriko lurraldeak hartzearen aurka. Askatasunaren eta demokraziaren alde nago; munduko bakearen, giza eskubideen eta soldata eta bizitza duinen alde. Lotsa sentitzen dut".

Skotnytskak eskaera bat egin nahi izan du: "Estatuari, Europari, eskatzen diot ateak ez ixteko. Euskal familiei eskatzen diet ateak ireki ditzatela haurrentzat, haurdun daudenentzat, errefuxiatuentzat...". Siroshek, bukatzeko, gehitu du "beldurtuta" dagoela, baina, era berean, "harro" sentitzen dela: "Ukraina mundu guztiaren bularra da momentu honetan, eta balak jasotzen ari da. Espero dut hau guztia laster bukatzea, eta denok batera gure askatasuna ospatzea".

Harrera familiak ere, arduratuta

Aurrez azaldu bezala, Debagoieneko harrera familietara Ukrainako haurrak etorri izan dira, Chernobil elkartearen laguntzarekin. Egun oso zailak ari dira izaten familia horientzat ere; Bergarako Josetxo Lizarraldek eta Amaiur Saizek euren egoera kontatu dute. "Gatazkaren berri izan genuenean, berehala jarri ginen Ukrainako familiarekin harremanetan. Haurraren amak oso garbi zuen zein zen bere nahia: umeak Poloniako mugara eramatea, eta guk bertan jaso eta hona ekartzea", diote. Saizen arabera, baina, ahalegina egin arren, ez dute lortu mugara iristea; "sotoan ezkutatuta" geratu behar izan dute.

Saiz eta Lizarralderen familia, Gabonetan, Ukrainako Makar mutikoarekin.

Komunikazioa "geroz eta zailagoa" dela azaldu du familia bergararrak, eta "urduritasun eta estutasun" handiz bizi dutela egoera. "Bi gobernuek akordioa lortzea izango litzateke denontzako onena, baina ezinezkoa dela ikusten dugu. Hala, beste elkarte batzuekin batera, korridore humanitario bat zabaltzen saiatzen ari gara, umeak handik ateratzeko", zehaztu du Lizarraldek.

Laguntzeko hamaika bide

Familiek osatzen duten Chernobil elkarteak kontu korronte bat ireki du, nahi duten herritarrek dohaintza egiteko: ES36 2095 5029 12 1062229843.

Bestetik, Ukraina-Euskadi elkarteak material bilketa jarri du abian: hotzetik babesteko arropak –arropa termikoa, lo-zakuak, haur txikientzako arropa– eta gailuak –termoak, txiskeroak, kandelak, linternak, elektrizitatea sortzeko gailuak...–, kartoizko kaxak, janaria –latak eta iraungitzen ez diren produktuak–, fardelak, higiene produktuak edota osasun produktuak jasoko dira. Arrasaten bertan egongo dira horretarako zenbait puntu: asteartean, 10:00etatik 13:00etara, mankomunitate parean –Irri Barre gozo-dendaren eta Zerbitzu Sozialen eraikinaren artean–, eta asteazkenean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era, azoka-gunean. Eta elkarte honek ere kontu korrontea zabaldu du: ES16 2095 5001 00 911443 7029.

Horrez gain, Eroskik ere kanpaina bat abiatu du: bezeroek aukera izango dute borondatea emateko ordainlekutik pasatzean, eta enpresak berak ere "ekarpena" egingo du.

Larraña etxea prestatzen

Oñatiko harrera etxea zabaldu zenetik (2008) hainbat jatorritako 724 lagun egon dira bertan, eta, Zehar elkarteko komunikazio arduradun Naiara Gutierrezek aurreratu duenez, ukrainar errefuxiatuak jasotzeko prestatzen ari dira orain. "Ez dakigu zenbat etorriko diren Oñatira, oraindik Europak ere ez baitu ezer zehaztu". Lanean ari dira, etxean leku gehiago egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak