Zergatik jaio da Catarsi Feminista?
Filmatze espazioen eszenatokiak sortzen jarduten dut, eta mugimendu feministako kide ere banaiz. Ogibidearen eta mugi- mendu feministaren parte-hartzetik sortutako grinatik eta kezkatik sortu da Catarsi Feminista. Espazioaren esku-hartze artistikotik eta emakume zein pertsona ez-bitarrek gizartean bizi ditugun desberdintasun, zapalkuntza eta diskriminazioak oinarri hartuta, alegia. Catarsi Feminista argazkigintzaren bidez transmititutako sormen-espazio kritikoa da. Alde batetik, kolore biziak eta irudi transgresiboak modu deigarri eta katartikoak ezaugarritzen ditu proiektuak. Bestalde, samurtasuna eta norbere buruaren maitasuna dira lanaren oinarrizko elementuak.
Gorputz patroietatik kanpo dauden zortzi emakume batu dituzu.
Helburuetako bat da gorputz aniztasunetik lan egitea. Gorputz guztiak erakutsi nahi ditugu, ez inposatutako arau estetikoetara hurbiltzen direnak soilik: lodiak direnak, ile zuriak eta zimurrak dituztenak, iletsuak direnak... Errealitatea erakutsi nahi dugu. Txikitatik presio estetikoa eta genero estereotipoak inposatzen zaizkigu eta honek errotik zeharkatzen gaitu. Beste gorputz mota batzuk daudela eta gure gorputzetan ezer gaizki ez dagoela ulertzeak gugan ahalduntze prozesu bat sortzeko aukera zabaltzen du. Gai desberdinak landu ditugu: lodifobia, ahalduntzea, patriarkatua... Katarsia eragin nahi dugu patriarkatuak eta heteroarauak beraien inposizioak sustatzen dituen esparruetan; hala, eraldaketa sozialerantz bidea egin nahi dugu.
Emakunderen kanpainak edertasunaren estereotipoa du jomuga.
Bai; guk ere landu ditugu feminismotik landu daitezkeen alor guztiak. Argazkilaritzaren esparruan, esaterako, presio estetikoa eta lodifobia lantzen ditugu, bai. Garrantzitsua da guretzako. Errealitate eta nortasun desberdinak kontuan hartuta, gorputzen aniztasunen errealitate desberdinen ikusgarritasunerako gune izan nahi duen dibulgazio feminista proiektua sortu dugu.
Argazki saioetan zelako giroa izan duzue?
Momentu hunkigarri asko bizi izan ditugu. Ikaragarria izan da saio bakoitzean 18 bat emakume batera lanean ikustea, nire lan munduan ez da ohikoa emakumez sorturiko lantaldeak ikus- tea. Giroa, lan egiteko modua eta elkarren arteko laguntasuna bizitzea polita izan da.
Gaurko aurkezpena nolakoa izango da?
Andrea Gonzalez Gazteako esatariak aurkeztuko du saioa. Esklusiban ikusiko ditugu eginndako argazkiak eta bakoitzari egin dizkiegun elkarrizketak. Argazki saioez gain, elkarrizketak egin genizkien bakoitzarekin landu genuen gaiez; eta beraietaz ere jarduten dute. Egia esan, oso gauza interesgarriak azaldu zizkiguten. Ana Goitiak monologoa egingo du eta Ekiñe Casado eta Iraitz Agirrek musikarekin amaiera emango diote ekitaldiari. -
Eta egitasmoa behin martxan, zein urrats emango dituzue?
Egin dugun lana erakustea eta jendeari heltzea da helburua. Ikusgarritasuna izatea oso garrantzitsua da guretzat eta horretarako, erakusketak antolatuko ditugu leku desberdinetan. Sare sozialen bidez partekatuko dugu informazio guztia, beraz, adi egotera animatzen zaituztegu.