Arrasaten gai sozial ugari jorratzeko asmoz, ekintza sozialeko komunitatearen berri eman du LABek: "Gure sindikatuak lantokietatik herrira jauzia ematea nahi dugu, horretarako tresna ekintza sozialeko erakundea izanik. Bizitzaren prekarizazioa ez da soilik lantokietan ematen eta, beraz, politika sozialak gure praktika sindikalean bestelako pisu handiago bat hartzea nahi dugu".
Ekintza sozialeko komunitateko partaide izateko ez da LABen afiliatua egon beharrik: "Herritar guztiei irekita dago komunitate honetako partaide izatea". Hiriburuetan hasi dira komunitate hau sortzen, eta gainontzeko eskualdeetan ere hasi nahi dute pausoak ematen, "baita Arrasaten ere; beraz, izena eman nahi duena LABeko norbaitekin jar daiteke harremanetan".
Jatorri aniztasunarekin, ekologismoarekin, lan harremanekin edota feminismoarekin lotutako gaiak jorratu nahi dituzte, etxebizitzaren problematika ahaztu gabe. Udaberrian beste agerraldi bat egingo dute, ekintza sozialeko komunitatea xehetasun gehiagorekin azaltzeko.
Eraikuntza proiektu berriak, "prezio onartezinetan"
Hain zuzen, Arrasaten eraikitzen ari diren zenbait proiektu jarri ditu jomugan LAB sindikatuak: "Arrasateko Udalak Uribesalgo, San Andres Berri, Garaia, Uriburu edota Zerrajera moduko proiektuak dauzka eskuartean. Hauetatik 200 etxebizitza baino gehiago dira libreak, prezio onartezinekin. Horretaz gain, gainontzekoek ere inondik inora ez diote langile jendearen eros ahalmenari erantzuten". Gaineratu du langileen bizitzen prekarizazioa ez dela enpleguan ematen ari den fenomeno isolatua. "Gure bizitzaren eremu guztietara hedatzen ari den gaitza da".
Bost aldarrikapen nagusi
Elkarretaratzean bost aldarrikapen egin dituzte. Batetik, etxebizitza "eskubide subjektibo erreala" dela. "Oinarrizko eskubideen sarbidea da etxebizitza eskubidea izatea eta, beraz, sarbide unibertsalari uko egitea, indarkeria estrukturala eta instituzionala da. Ezin dira onartu etxebizitza eskuratzeko inongo diskriminaziorik (sexu generikoak, arraza, adina) eta hauek legez zigortu behar dira".
Bestetik, espekulazioari uko egin eta alokairu sozial arautua lehenestea gura dute. "Erabilera balioa lehenetsi behar da, merkantilizazioari ateak itxiz. Horretarako, alokairuaren prezioa arautu behar da Arrasateko herriaren araberako adierazle soziala sortuz".
Era berean, uste dute pertsona bakoitzak ez lukeela bere diru sarreren %30 baino gehiago bideratu beharko alokairu edo hipoteka gastuetarako, eta larrialdi egoeran dauden edo etxebizitza publikoen kasuan, gehienez %15. "Horrela, alokairuetan KPIaren igoera debekatu soldata igoera bera izan ez dutenentzat".
Horrez gain, etxebizitzak trantsizio ekologikorako prestatu behar direla nabarmendu du sindikatuak eta jabetza publikoan dauden etxebizitza kopurua handitu. "Nola? Funts putre eta espekulaziorako darabilten jabego handien etxeak desjabetuz".
Azkenik, etxegabetzeak gelditu egin behar direla aldarrikatu dute. "Hipoteka eta alokairuzko etxegabetzeak debekatu eta alternatibak bermatu behar dituzte instituzioek. Etxebizitza eskubidea bermaturik ez dagoen bitartean, okupazioa despenalizatu behar da".