Eguneko Arreta Zentroak 2023an irekiko ditu ateak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 24a, 14:55

Astelehenean hasiko dituzte Iturbide egoitzako zati batean Eguneko Arreta Zentroa egiteko lanak, eta zazpi hilabetean bukatzea aurreikusten dute. "Datorren urte hasierarako erabilgarri izatea espero dugu", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Zerbitzu berri bat izango da, orain arte Arrasaten egon ez dena. "Badaukagu eguneko zentroa, baina hori Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion zerbitzu bat da. Modu horretan, zerbitzu berri hau izango da menpekotasun maila baxua daukaten pertsonei zuzendutakoa", adierazi du Maria Ubarretxenak.

Zazpi hilabete inguruko aurreikuspena daukate. Horretarako, 474.448,53 euroko inbertsioa egingo du Arrasateko Udalak, Iturbide egoitzako beheko solairuko lokal bat egokituz: bulegoa, bi komun irisgarri dutxarekin, erabilera anitzeko areto handi bat, atseden-gela, jangela, janaria prestatzeko gunea, langileek erabiltzeko aldagela eta garbiketa-gela izango ditu.

Era berean, Iturbide egoitzarekiko independentea izango da sarbidea. "Sarrerako atea bulegotik ikusi ahal izango da, begiz zaindu ahal izateko".

Urte bukaerarako lanak amaitu eta 2023a hastearekin batera, zerbitzua eskaini ahal izatea aurreikusten dute. "Modu paraleloan, araudia ere garatzen ari gara eta zerbitzua ere kontratatuko dugu", dio alkateak.

Hasieran, goizeko zerbitzua

Iñigo Garitano Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak adierazi duenez, onartzear dute araudia. "Zentroak astelehenetik egubakoitzera eskainiko du zerbitzua. Hasiera batean, goizeko zerbitzuarekin hasiko gara, 10:00etatik 13:00etara, eta eskariaren arabera, talde gehiago osatzen badira, aukera egongo da arratsaldeko txanda ere eskaintzeko". Egokituko den lokalak ahalbidetuko du bi taldek aldi berean jasotzea zerbitzua. "Edozelan ere, epe motzera ez dugu ikusten horren beharrik edukiko dugunik, baina, beharra izanez gero, aukera izango genuke", dio Garitanok.

Hamabi pertsonako taldeak

Gutxienez, hiruzpalau pertsonako taldeak izango dira, eta, gehienez, hamabikoak. Talde bakoitzarekin dinamizatzaile bat egongo da, aurrez landutako jarduera programa bat garatzeko eta zentroak dituen helburuak lortzeko. "Hau da, estimulazio kognitiboa lantzeko eta menpekotasun egoera horiek ahalik eta gehien atzeratu ahal izateko. Helburu nagusi horrekin, datozen pertsonen egoerak aztertuta, programa horiek egokitzen joango gara. Beraz, hiru ordu horietan, hainbat ekintzaren bidez, programa horiek garatuko ditugu, banaka zein taldeka".

Zerbitzua martxan jartzen dutenerako, urtean zehar, Gizarte Zerbitzuen sailetik joango dira Eguneko Arreta Zentroaren berri ematen, "interesa dutenek jakin dezaten zer egin eta nora jo informazio gehiago eskuratzeko".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak