Euskara eta berrikuntza sozialaren arloetan gai sozialen kudeaketa ipar hartuta, aholkularitza eta lankidetza eskaintzen dituen kooperatiba da Emun. Helburu bat gomutan: "Gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra lortzea". Barrutik kanpora, kanpoan errora; eragile zein bidelagun izanez, alegia.
Mende laurden trebatzen
Lan mundua euskalduntzeko 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako ekimen eta aldarrikapenak izan ziren erakunde arrasatearra sortzeko abiapuntu; 1997. urtean –25 urte betetzen ditu 2022an– marraztutako bideak egungo jardunaren oinarri izaten jarraitzen du. Hots, euskara planen bidez enpresetan euskaraz lan egin ahal izateko laguntza ematen aritzen dira, nagusiki.
Eraldaketa sozialak, baina, ez dira soilik hizkuntzaren aferari lotzen. Mende laurdenean trebatu dira enpresen gizarte erantzukizunean, trebatu genero berdintasun planetan, parte hartze prozesuetan, edota berrikuntza plataformetan. Eragile lehenik, bidelagun ostera. Bide horretan zehaztu dituzte etorkizuneko helburuak, hiru norabidetan biltzen diren erronkak.
Moldeak, izaera eta eragina
Bezeroa erdigunean kokatuta, lan egiteko moldeetan sakontzea da lehen erronka; hau da, onuradunen "beharrak hobeto ulertzea eta elkarlanean jarduteko berrikuntza espazioak sustatzea". Finean, bidelagun egokiak izatea.
Bestalde, Emun osatzen duten pertsonak zein kooperatibaren kultura zaintzea dute jomugan. Kideen ahalduntzea ahalbidetuko duen "gidaritza kolektiboagoa" dute helburu, eta, horretarako, "hurrengo urteak lan antolamendu berriak probatzen emango ditugu". Bezeroen etxeak eraldatzeko, norberaren etxea etengabe eraldatzea baita lehen urratsa.
Hirugarren eta azken erronkak, berriz, iraunkortasuna du begiz jota; "proiektua iraunkorra izan dadin egingo dugu lan, pertsonengan, ingurumenarengan zein gizartean eragin orekatua izan dezan".
Enbor bereko adaxkak
Euskara da jatorria, izateko arrazoia eta izateko modua Emunentzat. Baita Goiena Komunikazio Taldearentzat ere. "Modu batera edo bestera, enbor bereko adaxkak gara", jatorria eta helmuga partekatzen ditugulako. "Aurreko belaunaldiek egindako lanaren eta ereindako ametsaren uzta gara".
Goienakide izaera, beraz, euskalgintzako, kulturgintzako zein herrigintzako elkarlanaren ondorio da, nork bere esparrutik, "gure herriari eta komunitateari eraldatzen jarraitu eta aurrera egiteko ekarpena" egiten baitiogu.