'Egunkaria' izan zena, Joan Mari Torrealdairen eskutik

Eneko Azkarate Laspiur 2022ko ots. 23a, 10:00

Liburuaren aurkezpeneko irudi bat: Larraitz Zeberio aurkezlearekin batera, Joanmari Larrarte eta Joseba Ezpeleta.

Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta liburua aurkeztu dute bart Arrasaten. Joan Mari Torrealdaik Euskaldunon Egunkaria-ren gainean idatzitako liburua da. Berau hil ostean Joanmari Larrartek, besteak beste Egunkaria-ko langile eta, gerora, Berria-ko zuzendari nagusi izandakoak, amaitutakoa. AEDk antolatutako ekitaldian Larrarte berarekin batera izan da Joseba Ezpeleta, Egunkaria itxi zutenean Mondragoeko euskara elkarteko lehendakaria zena. 

Domekan, otsailaren 20an, bete ziren 19 urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. 2003ko otsailaren 20an, eguenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Luis del Olmoren aginduz, guardia zibilek itxi zuten egunkaria, ETArekin zerikusia zuelakoan. Egunkaria-ren zuzendaritzako kideak –tartean Joan Mari Torrealdai– ere atxilotu zituzten operazio hartan. Gerora, demostratu zen, epai bidez, akusazioak ez zirela egiazkoak eta absolbitu egin zituzten akusazio guztietatik.

Arrasate, lehen geldialdia

Efemeride horren bueltan, atzo aurkeztu zuten Egunkaria-ren sorrera, ibilbidea eta itxiera kontatzen dituen liburua: Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta. Joan Mari Torrealdai, euskarazko egunkariaren bultzagile eta lehendakari izan zenak, batutako idazkietan oinarritutakoa. Liburua iazko azaroan argitaratu eta aurkeztu zuten Martin Ugalde Kultura Parkean, baina herririk herri ere aurkeztuko dute eta Arrasate izan da lehen geldialdia. AED eta GOIENA izan dituzte bidelagun liburuaren argitaratzaileek –Berria, Elkar eta Jakin–. Ondoren aurkeztuko dute Euskal Herriko beste toki batzuetan.

Joanmari Larrartek argi utzi zuen hasieratik, Torrealdairen hitzak aintzat hartuta, liburuan ez dela Euskaldunon Egunkaria-ren historia jasotzen, Torrealdaik berak Euskaldunon Egunkaria-ren gainean idatzitakoa baizik, lehen pertsonan idatzia, bere ikuspegia jasoz, Torrealdaik, urteetan egindako batzarretan eta bestelakoetan, "jasotako notak" oinarri hartuta. "Edozein batzar edo bazkaritan anotatzen zituen oharrak bere koadernoan" adierazi zuen Larrartek Kulturateko ekitaldian. 

Hiru zati eta 8 kapitulu

Liburuak hiru zati nagusi dituela adierazi zuen. Lehena, Egunkaria-ren sorrera eta lehen urteak jasotzen ditu –1990eko abenduaren 6an sortu zen–. Egunkaria Sortzen ekimena eta beste. Gutxi gorabehera 1994ra arte, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza publikoa jaso arte, luzatzen da lehen zati hori. Hortik itxierara arte, 2003ra arte, doa bigarren zati nagusia. Larrartek gogora ekarri zuen Joan Mari Torrealdaik berak adierazi zuela 2000. urtean ikusi zuela lehen aldiz Egunkaria proiektua sendotuta, eta "lasaitu" zela horregatik. Itxiera eta ostekoak kontatzen dira azken zatian.

Liburuak, bestalde, 8 kapitulu ditu, Imanol Murua Uriak idatzitako Hitzaurrea, Joanmari Larrarteren Sarrera eta azken orrietan jasotzen den Nor da Nor atalekin batera. 

Jasotzen ditu hainbat bitxikeria edota kontatu bakoak: Egunkaria sortzeko izan ziren zailtasunak, Jaurlaritzarekin izandako batzarrak eta gorabeherak… Era berean, balioan jartzen ditu euskarari edo kazetaritzari Egunkaria-k egindako ekarpenak –Estilo Liburua, Nafarkaria…–. 

Mahai-inguruak, akzioak, kontzertuak

Aurkezpeneko beste gonbidatuak, Joseba Ezpeletak, Egunkaria-ren sorrera prozesuaren baitan, eta itxi ostekoan, AEDn bizitakoak ekarri zituen gogora. Hasierako ilusioa, Egunkaria Sortzen ekimenaren baitan Arrasaten antolatu ziren mahai-inguruak, eta bertan esandakoak Luis Alberto Aranberri Amatiño-k –1989 eta 1990 artean Deia egunkariko zuzendariorde eta 1990tik 1995era ETBko zuzendari– eta Josemi Zumalabe –Argia-tik zetorren– Egunkaria Sortzeneko bultzagile izandakoak.

Era berean, Ezpeletak, Egunkaria-ri sostengu ekonomikoa emateko saldu ziren bonuen –1.000 pezetatan– edota akzioen –5.000 pezetatan– berri eman zuen… Edota, Egunkaria itxi zuteneko eguna gogorarazi zuen eta, ostean, berriro ere beste euskarazko egunkari bat abian jartzeko herrian egin ziren ekimenak ere gogoratu zituen. Nola Arrasaten 200.000 euro batu ziren, "aurreikusitakoaren gainetik", edota herriko taldeekin rock kontzertua egin zela eta 800 lagun elkartu zirela bertan…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak