Euskaldunon egunkariaren gaineko liburua aurkeztuko dute Arrasaten

Uxue Igarza Loiola 2022ko ots. 18a, 09:24

Liburuaren lehenengo aukezpena, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. ELKAR.

Egunkariaren sorrera, ibilbidea eta itxiera azaltzen dituen liburua hasi zuen Joan Martin torrealdaik, eta iaz argitaratu zen, Joanmari Larrartek bukatuta. Aurkezpen birarekin hasiko dira datorren astean, eta Arrasate izango da lehenengo geralekua.

Domekan hemeretzi urte beteko dira Egunkaria itxi zutela. 2003ko otsailaren 20an, euskal gizartea asaldatu zuen Espainiako Auzitegiko Del Olmo epailaren aginduak; Egunkaria ETArekin lotu eta hamar kide espetxeratu zituen. Horren ostean, besteak beste, Juan Mari Torrealdai sortzaile eta lehendakariak atxiloketan jasandako torturak salatu zituen, eta bera izan zen Egunkariaren historia jasotzeko liburua idazteari ekin ziona.

Liburu hori bukatu aurretik zendu zen, baina, Torrealdai, eta lankide izandako Joanmari Larrarteri egokitu zaio Torrealdaik utzitako liburua amaitzea. Lagunak jorratutako ildoari "ahalik eta fidelen" jarraituta, iaz azaroan ikusi zuen argia Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta liburuak.

Arrasate, birako lehenengoa

Arrasate izango da liburua aurkezteko egingo duten biraren lehenengo geralekua. Berria, Elkar eta Jakin fundazioa ari dira horren atzean lanean, eta martitzenean egingo den aurkezpen horretan Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea (AED) eta Goiena izango dituzte lagun. 19:00etan izango da, Kulturateko areto nagusian. Larrartek berak egingo du aurkezpena eta ondoan izango ditu Joseba Ezpeleta arrasatearra –Egunkaria itxi zenean AEDko lehendakari zena eta herri batzordean lanean jardun zuena– eta saioa gidatuko duen Larraitz Zeberio, Goiena Komunikazio Taldeko kazetaria.

Memoria ariketa

Hil baino astebete lehenagora arte aritu zen Torrealdai liburua idazten. Egunkariaren sorrera, ibilbidea eta behartutako itxiera jasotzen ditu liburuak; dena, barnetik kontatuta. Horretarako, xehetasun asko ditu lanak: dokumentu ofizialak, bizipen pertsonalak, gogoetak... Bost bat urtez jardun zuen Torrealdaik memoria ariketa hori egiten; besteak beste, argi gera zedin Egunkaria "herri ekimenean" sortu zela –horregatik Gizarte zibilaren arrakasta izenburua–.

Zortzi kapituluz osatutako lana da, lehenengo pertsonan idatzitakoa, eta agerian uzten ditu Egunkariaren misioak: euskalgintzaren aldeko lana, komunitatearen parte-hartzea, lankidetza... Martitzeneko aurkezpenean zehaztuko ditu Larrartek nondik norako guztiak; izan ere, esan bezala, berak amaitu du liburua. Azaldu izan duenez, egitura argiarekin, aurkibide batekin eta dagoeneko idatzita zituen pasarteekin jaso zuen lana Joan Mari Torrealdairengandik.

Hemeretzi urte atzera

Egunkariaren itxiera izan zenean, Debagoienean elkartasun keinu ugari egin ziren. Goiena Komunikazio Taldeko langileek, adibidez, mobilizazioa egin zuten "adierazpen askatasuna" aldarrikatzen eta Egunkaria osatzen zuten langileei –eta proiektuari berari– babesa helarazten.

Goienako langileak, Bergaran, Egunkaria-ren aldeko elkarretaratzean.

Arrasaten, beste zenbait herritan bezala, herri batzordea eratu zen, eta Berria aurrera ateratzeko, besteak beste, Egunkaria Rock jaialdia, bertso-bazkaria, material salmenta eta harpidetza eta akzioak erosteko egitasmoak egin zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak