Hasteko, boluntarioen hamargarren urteurrena ospatu zuten hainbat ekitaldirekin eta boluntario berriak erakartzeko asmoarekin. "Esan behar bi berri hasi direla gurekin lanean eta gaur egun 20 pertsona inguruko lantaldea garela. Azpimarratu nahi dugu gure ateak zabalik daudela nahi duten guztientzako. Zenbat eta gehiago izan, indar handiagoa izango dugu eta".
Horrez gain, bailarako hainbat komertziorekin jarraitu dute lanean, adibidez, Arrasateko eta Bergarako Erein da Janekin, edota Sanprubusarekin. Bestalde, Ibai-arteren eskutik, bidezko merkataritzako txokolatea herrian zabaldu zuten eta zenbait azoka ere berreskuratu ziren: Elkartasun Eguna Arrasaten, Antzuola eta Aretxabaletako azokak bertako GKEi esker, Aramaioko Jubilatuen Eguna eta Oñatiko Elkar Hezi Institutuaren azoka.
Halaber, Garaguneko partaideekin ere kolaborazio harremana berreskuratu dutela adierazi dute Harremaneko kideek, "eurek bidezko merkataritzako gure produktuak saltzen baitituzte Arrasateko azokan, besteak beste".
Aurten 25 urte denda zabaldu zutela
Harreman Denda zabaldu zutenetik 25 urte dira aurten eta Debagoienean bidezko merkataritzaren zabalkundea egiteko lanetan jarraitzen du gobernuz kanpoko erakundeak. "Zergatik? Pobreziaren kontrako tresna eraginkorra delako", diote. "Hirugarren munduko lurralde askotan produktu estrategikoak ekoizten dira: kafea, kakaoa, azukrea... Urtero milioika dolar mugitzen dituzten produktuak, baina dirutza horren %90 edo gehiago lehen munduko multinazional handien eskuetan geratzen da. Nekazariek oso portzentaje txikia jasotzen dute, eta esplotazio egoerak mantentzen dira: lan baldintza penagarriak, haurren lan esplotazioa...".
Bidezko merkataritzaren bidez, azaldu dutenez, pobreziaren zirkulu horretatik atera dira hainbat eta hainbat komunitate. "Bidezko merkataritzak produktoreen eskubideak babesten dituelako, irizpide sozialak, ekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak kontutan hartuz":
- Elikagaiarengatik prezio justu eta egonkor bat adosten da produktoreekin.
- Aurre-finantziazio bat eskaintzen zaie, enpresak bideratzeko.
- Luzerako erlazioak izaten dira.
- Soldata justua jasotzen dute.
- Lan baldintza duinetan.
- Haur eta pertsona nagusien lan esplotazioa ekiditen da.
- Genero berdintasuna bultzatzen da.
- Parte-hartze demokratikoa izaten dute enpresek, sistema kooperatibokoa gehienak.
- Eta ekoizpen ekologikoa lehenesten da.