Ramon Osinaga da omenduetako bat, ia bederatzi urte baitaramatza dendan laguntzen. "Erretiroa hartu nuenean hasi nintzen boluntario moduan. Hilabetean bi aldiz, hiru orduko jarduna egiten dut dendan eta oso esperientzia polita eta aberasgarria da. Jendea ezagutzeko aukera ematen dit eta laguntzen ari naizela sentitzen dut", adierazi du.
Aurrera begira ere, jarraitzeko asmoa du, gutxienez beste urtebete, bere hamargarren urteurrenera iritsi arte. "Gero, ikusiko dut nola moldatuko naizen, baina ahal dudan heinean, laguntzen jarraituko dut".
Jasone Orbegozok, bestalde, lau urte daramatza boluntario moduan. "Harreman dendan erosten nituen Eskoriatzako erretiratuen egunerako opariak eta bestelako produktuak, eta halako batean, boluntario hasteko eskaintza egin zidaten. Onartu egin nuen eta datorren egunean dendan nengoen, lanean".
Gaur egun ere jarraitzen du eta ahal duen gehienetan, gainera, dendara joaten da laguntzera. "Besteei laguntzeak, besteendako zerbait egiteak, bete egiten nau. Pozik nago eta gainera, ikusten dut oso leku egokia dela, konpromiso handikoa, jende onez inguratutakoa".
Txokolate dastatzea ere egin dute
Bertako Produktuen Azokaren baitan, postua jarri du Harreman elkarteak eta bihar, urriak 17, Pobreziaren Nazioarteko Eguna dela eta, bidezko txokolatea dastatzeko aukera eskaini diete herritarrei.